Gotzon Garate zenaren oroimenez urtero antolatzen duten ekimenaren baitan, Gure imajinarioa kantagintzaren bitartez izeneko ikastaroa antolatu dute aurtengorako Elgoibarko Izarrak eta Udalak, gure herria hobeto ezagutu eta elgoibartarron euskaltasuna sustatzeko helburuarekin.
Rafa Rueda eta Gotzon Barandiaran izango dira ikastaroko irakasleak; musikaria lehenengoa eta idazlea bigarrena.
“Zelan kantatu dute gure idazle eta musikariek Euskal Herria?” galderari erantzuten saiatuko dira, eta kantagintzak euskaldunon imajinarioa eraikitzeko orduan izan zuen, eta orain duen, garrantzia landuko dute. Hamar orduko ikastaroa izango da, Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi-gelan, eta bost egunetan eskainiko dute: Urriaren 5, 13, 19 eta 26an, eta azaroaren 2an. Bi orduko saioak izango dira, 18:30ean hasita. Prezioa 30 eurokoa izango da (Elgoibarko Izarrako bazkideek 27 euro).
Interesatuek irailaren 30era arte dute izena emateko aukera: 943 741 626 / elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus
Ikastaroaren nondik norakoak azaldu dituzte Barandiaranek eta Ruedak Euskadi Irratiko Faktoria saioan