Bertan behera geratu da Sanrock festibala, zapaturako euria iragarri dutelako

Barren.eus 2016ko ira. 29a, 10:18

Aste guztia eguraldi iragarpenari begira pasatu ostean, Elgoibarko Izarrako Kulturekintza taldeak Sanrock festibala bertan behera uztea erabaki du. Zapaturako (urriak 1) euria iragarri dute, eta Sanrock moduko festibala egiteko ezinbestekoa zen eguraldi lehorra.

Antolatzaileek ez dute festibala egiteko ordezko lekurik ikusten Elgoibarren, izan ere, jaialdiaren oinarria musika eta lagunarteko picnic giroa uztartzea zen. Hasieratik baztertu zituzten ordezko planak, bazekiten eguraldiaren menpe zegoela jaialdia, baina lekua Azkue auzoko berdegunea izan behar zela argi zeukaten: “Lan handia egin dugu, eta egindako lanetik gauza asko ikasi ditugu”, esan dute.

• Datorren urteko udan bigarren saiakera

Datorren urteko uda aldean berriz saiatuko dira Sanrock antolatzen: “Gogotsu eutsiko diogu bigarren saiakera horri”, adierazi dute.
Eskerrak eman nahi dizkiete hau guztia antolatzen lagundu dieten elkarte eta norbanakoei: Udaletxeko Kultura Saila, Sinuose, Inazio Bereziartua musika eskola, jaialdian parte hartzekoak ziren taldeak (Belceblues, Jon Basaguren, Kokein eta musika eskolako rock taldea) eta herriko hainbat eta hainbat gazte.
Elgoibarko Izarrako Kulturekintza taldearen helburua euskararen eta kulturaren bueltan diharduten eragile eta norbanakoak saretzea da, eta Sanrock festibalaren antolakuntzan ikusi dutenagatik bide onetik doazela adierazi dute.