Giza katea eta 'Plazera plazara' jaialdia egingo ditu Elgoibarko Euskarak 365 Egun taldeak abenduaren 2an

Barren.eus 2016ko ira. 29a, 10:30

Kalegoen Plaza eta Maalako parkea batuko dituen giza kateak hartuko dio lekukoa iazko Beitxu, Beitxu lipdub arrakastatsuari, Euskarak 365 Egun ekimenean, abenduaren 2an. Giza katearen ostean, Plazera plazara izeneko jaialdia antolatu dute.

Elgoibarko Euskarak 365 Egun taldeko kideek jakinarazi dutenez, erabaki eta zehaztu dute aurtengo Euskarak 365 ekimena. Abenduaren 2an, barixakua, izango da. Lehenik, 19:00etan, Kalegoen plaza eta Maalako parkea lotuko dituen giza katea osatuko dute. 19:30ean Plazera plazara jaialdia hasiko da Maalako parkean eta 21:00etatik aurrera pintxo-potea egingo dute herriko tabernetan. “Aurten ere kalera irtengo gara elgoibartarron euskaltasuna aldarrikatzera. Konpromisoa eta jaia uztartuko ditugu, eta herriko elkarte-erakunde guztiak animatu nahi ditugu ekimenean parte hartzera”, azaldu dute sustatzaileek.  
•Izena emateko
Protagonistak, iaz bezala, Elgoibarko elkarte-erakundeak izango dira. Dagoeneko 48 elkartek eman dute izena giza katean parte hartzeko, eta 24 dira Plazera plazara jaialdian parte hartuko dutenak. Parte hartu nahi duten elkarte-erakundeek urriaren 14ra arte dute izena emateko epea.

  • Elgoibarko 365 taldea osatzen dute: AEK euskaltegia, Elgoibarko Institutua, Elgoibarko Izarra, Elgoibarko Udala, Elgoibarko Haurreskola, Elgoibar Ikastola Herri Eskola, Ikastolako guraso-elkartea, Kalamua guraso-elkartea, Musika Eskola, Sortu, Taupada antzerki-taldea, eta Udal Euskaltegia.

Lotura duten albisteak