Arraza libreko artzain txakurren Euskal Herriko txapelketako finala jokatu zuten domekan (urriak 2) Aiastian, San Migel jaien barruan. Zortzi artzain eta beste horrenbeste txakur aritu ziren lehian eta Aizarnazabalgo Manuel Gorriti eta Argi txakurra gailendu ziren, 254 puntu eskuratuta. Bigarren postuan sailkatu zen txakurrak ere Argi zuen izena, eta Pello Segurola Matxinbentako artzainaren aginduetara aritu zen. 252 puntu lortu zituzten. Jose Ramon Orbegozo eta Alai txakurra sailkatu ziren hirugarren postuan, hauek ere 252 punturekin.
• Olidenen idi-parea indartsuen
Lehia gehiago ere izan dira Aiastian. Kintopeko Idi-dema txapelketan Orioko Olidenen idi-parea nagusitu zen, bigarren urtez jarraian, 54 plaza eginda. Txokolateren idi pareak 53 plaza egin zituen eta 51 plaza, zinta bat eta 31 zentimetroko marka egin zuten Soarteren idiek.
Bolo txapelketan Ibai Diezek lortu zuen garaipena, lau txirlo botata. Jose Irusta aiastiarra sailkatu zen bigarren postuan, 3 txirlo botata eta Gorka Bereziartua sailkatu zen hirugarren postuan.
Aiastian antolatu dituzten gainerako ekintzetan giro ona eta parte hartze handia izan dute, besteak beste, Gazte afarian, Haritz dantza taldearen dantza erakustaldian edo bertso-afarian (argazkiak beherago).
• Txahalaren zozketa
Txahal baten zozketa ere egin dute festen amaieran, eta 8265 zenbakia izan da saritua. Santa Eufemia Egunean saldu zutela txartel irabazlea zehaztu dute antolatzaileek. Erreserbako zenbakia (6781), berriz, San Bartolome jaietako Baserritarren Egunean saldutakoa dela jakinarazi dute.