Familia Eguna antolatzeko arrazoi nagusia familiei elkar ezagutzeko eta harremanak euskaraz sendotzeko espazioa eskaintzea dela nabarmendu dute antolatzaileek. Eta, Idotorbe auzoa dela horretarako espaziorik egokiena erabaki dute lehen Familia Eguna antolatzeko. Datorren eguaztenean, urriaren 12an, izango da, jai-eguna dela probestuz.
•Oinez edo autoan Idotorbera
Familia Egunean parte hartu nahi duten familietako kideak oinez igoko dira Idotorbera. Bidean, inguruko flora eta faunari buruzko azalpenak jasoko dituzte. Edonola ere, Idotorbera autoz igotzeko aukera ere izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Idotorben jolasak, Niala magoaren ikuskizunak, Mugi panderoa taldearen erromeria eta beste hainbat ekintzatan parte hartzeko aukera izango da.
•Askari partekatua
Familia bakoitzak bere bazkaria eta askaria eraman beharko ditu. Askaria, denen artean partekatuko dute, beraz, familiako errezeta sekreturen bat izanez gero, edota mazedonia, tarta, galletak... egiteko abilezia izanez gero, eraman eta guztien artean dastatuko dutela esan dute Atxutxiamaikako eta Ludotekako kideek.
•Izena emateko
Izena Elgoibarko Ludotekan edo Elgoibarko Izarran eman behar da edo honako izen-emate orria beteta. Urriaren 9a izango da izena emateko azken eguna. Eguraldiak laguntzen ez badu bertan behera geldituko dela Familia Eguna ohartarazi dute antolatzaileek. Aurrez jakinaraziko dute.
Familia bidezko hizkuntza transmisioa lantzeko helburua duen ekintza hau Elgoibarko Izarrak antolatzen du, Kiribilduz egitasmoaren barruan, Elgoibarko Udalarekin lankidetzan.