Sormen eta mugikortasun proiektu batean parte hartzeko aukera izango dute Debabarreneko artista eta sortzaileek

Barren.eus 2016ko urr. 5a, 12:45

Artista eta sortzaileei zuzendutako sormen-mugikortasun programa europar batean parte hartuko du Debegesa eskualdeko garapen agentziak. Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako mugikortasun programa honek Euskadiko eta Akitaniako 40 urtetik beherako 24 sortzaileren mugikortasuna ahalbidetuko du. Debabarreneko sortzaileek datorren urriaren 20ra arte dute zabalik eskaera aurkezteko epea.

Garapenek (Garapen Agentzien Euskal Elkartea) Debegesa, Buruntzaldea-Beterri, Getxolan, Inguralde eta Oarsoaldea garapen agentzien bidez, eta Bitamine Faktoriarekin eta La Fabrique Polarekin lankidetzan, sormen mugikortasun proiektu bat jarri dute martxan Euroeskualdean.
Egitasmo hau Eusko Jaurlaritzaren Aquitaine-Euskadi 2016 proiektu-deialdiaren baitan kokatzen da. Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako mugikortasun programa honek Euskadiko eta Akitaniako 40 urtetik beherako 24 sortzaileren mugikortasuna ahalbidetuko du Euroeskualdean ekosistema sortzailea indartzeko asmoz.
Mugikortasun proiektu honen bidez, parte-hartzaileek eta proiektuko bazkideek topaketa eremuak partekatuko dituzte, elkarrizketak egin, sareak eraiki, ideiak lotu, sinergiak bilatu, eta ideia berrietan kooperatu ahal izango dute.
Proiektuaren helburu nagusia da Euroeskualdean mugikortasun programa bat abian jartzea sortzaileen artean. Programa honek 2/3 eguneko egonaldiak eta sorkuntza-ekintzailetza sustatzen duten espazioetara bisitak eskainiko dizkie sortzaileei. Ekimen hauek aberasgarriak izango dira beren jardunerako, baita euren proiektuak hobetzeko tresna egokiak ahalbidetzeko, sormena eta berrikuntza freskatzeko eta ideiak garatzeko inspirazioa elikatzeko ere, Akitanian zein Euskadin.
Lortu nahi diren helburu zehatzak ondorengo hauek dira:

  • Ezagutza, esperientziak edota proiektu interesgarriak konpartitu, eta gazteen gaitasunak hobetu.
  • Mugaz bestaldeko lankidetza aukeren eta ezagutzaren inguruan sentsibilizatu.
  • Kapital soziala eta gazte sortzaileen kopurua areagotu, eta lan-sareak sortu.
  • Negozio-aukera berriak identifikatu.
  • Lurraldeko eragile dinamizatzaileen arteko sinergia berriak sustatu, baita Kultura eta Sormen Industria (KSI) arloan erreferente diren eragileen artekoa ere.

 •Hiru deialdi

Eskatzaileek enpresa proiektu bat edo sorkuntza-ekintzailetza egitasmo bat abian izan behar dute, ondorengo diziplinetako batean oinarrituta: Ikus-arteak, Ikusentzunezkoak, Diseinua, Arte grafikoak, Teknologia berriak, Arkitektura, Artisautza, Moda eta Bitxigintza.
2016-2017 ikasturtean hiru deialdi argitaratuko dira: lehenengoa 2016ko urrian; bigarrena 2017ko urtarrilean eta hirugarrena 2017ko apirilean. Indarrean dagoen deialdian hautatua ez den izangaiak hurrengo deialdietan aurkezteko aukera izango du.