Tristura handiz iragarri dute jaien azkena Errosario jai-batzordekoek eurek. “Pena handia hartu dugu. Gu geu hamasei urtean jardun gara jaiak antolatzen eta ikaragarria izan da. Izugarri gozatu dugu eta itzel bete gaitu, baina orain beste eskakizun batzuk bete behar dira eta batzordekook ez gaude horretarako. Hori bai, diru pixkat daukagun artean Errosarioko Ama Birjinari ez zaio lorerik faltako”. Izaskun Landaren hitzak dira, Fadekeko ile-apaintzaile eta jai batzordeko kidearenak. “Ez da lan handia, baina honetan jardun dugunok lanean ari gara, eta askotan geure lan-ordutegia sakrifikatu behar izaten genuen antolakuntza lanetarako. Gainera, erreleboa hartuko digunik ere ez dago, eta horri gehitu behar zaio aurten elkartea sortzea eskatzen zitzaigula jaiak antolatu ahal izateko. Papel batzuk aurkeztea izango zen dena ere beharbada, baina batzordekoon artean inork ez zuen ardura hori hartu nahi; inork ez zuen lan burokratiko hori egin nahi”, zehaztu du.
•Jende askoren babesarekin antolatutako jaiak
Errosario kaleko jaiak zerbait izan badira, boluntario talde txiki baten ekimenez eta jende askoren babesarekin antolatutako jaiak izan direla nabarmendu du Landak. “Taldean osatu dugu egitaraua eta taldean erantzun diogu sortu diren beharrei, bakoitzak ahal zuena egiten. Udalak emandako diru-laguntzarekin eta errifak saltzetik lortutako diruarekin egin diogu aurre gastuei. Milaka errifa saldu ditugu eta eskerrak eman nahiko nizkieke ekarpena egin duten herritar guztiei ere, asko izan direlako”. Esker oneko hitzak baino ez ditu Landak Errosario kaleko jaiak posible egin dituzten guztientzat.
Roberto Merino arduratu da Ama Birjina zaintzeaz azken urteotan eta bete-betean jardun da jai-batzordean lanean. Irakurri hemen BARREN aldizkariari (1008. zenbakia) eskaini dion elkarrizketa
Azken urteetako Errosario kaleko jaietako argazki bildumak: