Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, onartutako protokoloaren helburu nagusien artean, Udalaren sail eta zerbitzu desberdinen arteko koordinazioa lortzea da, Elgoibarko udal barrutian gertatzen diren ohiko etxebizitzetatik kaleratzeko kasuei edota kaleratzeko arriskuan dauden kasuei ahalik eta arretarik hoberena emateko.
"Zoritxarrez, pertsona eta familia ugari mugako egoerara iritsi dira, ezin dituzte eta oinarrizko premiak ase, esaterako, ohiko etxebizitzarekin lotuta dauden ordainagirien ordainketari dagozkionak. Hori dela eta, kaleratzeak gertatzen dira eta ondorioz, familiak marjinazio eta gizarte bazterketa egoera larrietan gelditzen dira", azaldu du Udalak prentsa ohar bidez.
Ane Beitia, Elgoibarko alkateak honela arrazoitu du protokoloaren beharra: “Tokiko erakundeak, herritarrengandik gertuen gauden erakundeak garen aldetik, bertatik bertara bizi ditugu kaleratzeak eragin ditzaketen ondorio pertsonalak eta sozialak. Elgoibarko Udalak, bere eskumenen esparruan, beharrezkotzat jotzen du jarduteko eta baliabideak koordinatzeko protokolo hau martxan jartzea, kaleratzeen aurrean, eta horien ondorioz, sortzen diren gizarte bazterketa egoeren aurrean sortzen diren zailtasunak arindu ahal izateko”.
• Esku-hartzeko prozedura
Esku-hartzeko bideratu nahi den prozedura desberdina da familia edo pertsona etxegabetzeko arrisku egoeran baldin badago, edo kaleratzeko agindua eman bada. Ohiko etxebizitzatik kaleratzeko arrisku egoeren kasuan, esku-hartzea Gizarte Zerbitzuen Sailak egingo du, hala badagokio, Alkatetzarekin koordinatuta. Eragindako pertsona edo pertsonak etxebizitzatik berehala/ezinbestean kaleratu behar badituzte, eta tokiko erakundeak epaitegi eskudunak jaulkitzen duen botatze-agindua jasotzen duenean, kasu horretan, udal lantaldeari aditzera emango zaio nahitaez kendu behar den etxebizitzatik atera daitezkeen altzariak eta tresnak eramateko eta gordetzeko funtzioa izango dutela. Polizia esparruko jarduera edo ardurei dagokionez:
- Epaitegitik etxebizitzatik botatzeko agindua jasotzea.
- Informazioa edo aholkua eskatzeko Udalaren Gizarte Ongizate Zerbitzuetara joateko aukera edo Gizarte Zerbitzuek dei egiteko baimena emateko aukera dutela aditzera ematea.
- Epailearen errekerimendua betetzeko beharrak kudeatzea.
- Epailearen agindua bete behar den egunean, epaitegiko judizioarekin batera joatea. Istiluak gertatuko direla aurreikusten baldin bada, Eibarko Ertzainetxeari eskatuko zaio laguntza eskaintzeko bertaratu dadila.
Esku-hartze hau bestelako udal zerbitzuekin eta erakundeekin koordinatuta egingo da, hain zuzen ere, kaleratze bakoitzak dituen ezaugarriak eta gorabeherak kontuan izanik, osagarritzat har daitezkeen zerbitzu eta erakundeekin: hala nola, Lanbide, Caritas, Kaleratzeak Stop, Gurutze Gorria, Etxebide…
∞ Lotura duten albisteak: