Elgoibarko eta Mendaroko irudiak GipuzkoAround proiektuko bideoan

Barren.eus 2016ko urr. 10a, 18:49

Gipuzkoari itzulia sei minutuan egitea, horixe izan da GipuzkoAround proiektuaren baitan egin duten bideoaren helburua. Gipuzkoa osatzen duten 89 udalerrietako irudiak jaso dituzte, tartean Elgoibarkoak eta Mendarokoak. Orain dela sei urte Dancing in the Basque Country bideoa egin zuten lagunek sortu dute bideoa, Donostia 2016ko Energia Olatuak programarekin batera. (bideoa dauka)

Maria Rubio, Iker Zaballa, Javi Iribarren eta Iñaki Goikoetxea irundarrek Euskal Herria dantzan jarri zuten lehendabizi Dancing in the Basque Country bideo arrakastatsuarekin (milioi erditik gora erreprodukzio izan dituzte Youtuben). Orain, berriz, Gipuzkoako herri guztiak lehen aldiz elkartzen dituen bideoa osatu dute: GipuzkoAround. Elgoibarren eta Mendaron ere izan ziren, noski. Makina Erremintaren Museoa aukeratu zuten Elgoibarren bideorako irudiak grabatzeko eta Saint Gerons txokolate dendaren aurrealdea Mendaron. 04:02 minututik aurrera ageri dira biak, elkarren segidan. Irungo Tukutun taldeko txalapartariak ageri dira bi herrietan.

• 89 herri lau egunetan

GipuzkoAround egitasmoko kideen ustez, Gipuzkoako herri eta hiri guztiek txoko, gauza eta pertsona interesgarriak dituzte baina jendeak oro har, bai Gipuzkoan bizi direnek, bai kanpotik etor daitezkeen bisitariek, ezagutzen ez dituztenak. “Txoko hauek guztiak ezagutzera eman ditugu eta mundu guztiak baloratu ditzala”, azaldu dute.

Donostia 2016ko Energia Olatuak egitasmoaren babes ekonomikoa jaso zuten -2.000 euro-, eta lau egunetan grabatu zuten bideoa uztail bukaeran. Bi zailtasun nagusi zituen grabaketak. Nola egin ibilbide bat leku guztietara joan ahal izateko, eta bi, bideoaren zati guztiak nola lotu. “Oso pentsatuta eraman behar genituen gauzak, musikarekin lotzeko. Buruhauste handia izan zen”, adierazi dute GipuzkoAroundeko kideek.

Lortutako emaitzarekin gustura daude irundarrak. “Munduko beste puntu batera joateko plan bat egiten duzu, Gipuzkoako herri asko ezagutu ere egin gabe. Saiatu gara herriak bideoan agertzen diren bizpahiru segundo horietan kuriositatea pizten: ikusleak bere buruari agertzen den hori zer den galdetzea, joatea eta ikustea”.

Bideo lan honen egileek Bidasoako Hitzari azaldu dizkiote grabaketaren inguruko nondik norako guztiak.