Nerea Sasiainek brontzezko domina lortu du Euskadiko Soinu Zahar Txapelketan

Barren.eus 2016ko urr. 11a, 13:39

Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolako ikasle Nerea Sasiainek hirugarren postua eskuratu du senior mailako Euskadiko X. Soinu Zahar Txapelketan.

Pasai Antxoko Ibaiondo frontoian jokatu zen helduen mailako Euskadiko X. Soinu Zahar Txapelketako finala, urriaren 1ean. Inazio Bereziartua eskolako ordezkari batek lortu zuen finalerako sailkatzea, Nerea Sasianek, hain zuzen ere. Finalean parte hartu zuten dantzariek maila handia erakutsi zuten arren, hirugarren postuan sailkatzea lortu zuen Sasiainek. Joan den maiatzean ere postu bera lortu zuen, baina gazte mailako Euskadiko Soinu Zahar Txapelketako finalean izan zen orduko hartan. Bistan denez, 15 urteko dantzari elgoibartarrak ez du gazte mailatik helduen mailara dagoen jauzia igarri eta lehengo bidetik jarraitu du helduen artean ere.
Uda osoan gogor lan egin eta gero, joan den irailaren 3an hartu zuen parte helduen mailako estreinako dantza txapelketan, Zarautzen. Han, laugarren postuan sailkatu zen. Urtea amaitu bitartean ez du beste txapelketarik jokatuko, baina datorren urtean etorriko direnetarako prestatzen jarraituko du.
Gazteen mailako txapelketak ere hurrengo urtean hasiko dira, urtarriletik aurrera. Azken urteetan ohi duten moduan, dantzari elgoibartar askok hartuko dute parte horietan.

nerea sasiain soinu zahar dantzan elgoibar