Gotzon Garate zenaren oroimenez urtero antolatzen duten ekimenaren baitan, Gure imajinarioa kantagintzaren bitartez izeneko ikastaroa antolatu dute aurtengorako Elgoibarko Izarrak eta Udalak, gure herria hobeto ezagutu eta elgoibartarron euskaltasuna sustatzeko helburuarekin. Une batean zalantzan ere izan zuten antolatzaileek, jende gutxik eman zuelako izena, baina azkenean 16 laguneko taldea osatu dute eta joan den urriaren 5ean ekin zioten ikastaroari.
“Lehen saioa benetan ederra izan zen, eta ikastaroak merezi duela pentsatzen dugunez, ikastaroan parte hartzeko bide berria zabaltzea erabaki dugu. Beraz, saio solteetara joateko aukera ere izango da aurrerantzean”, azaldu dute antolatzaileek. Hona hemen lehen saioak eman zuenaren kronika, saioen nondik-norakoen inguruko ideia bat izateko.
• Bigarren saioaren gaineko informazioa:
- Eguna: urriak 19, asteazkena
- Ordua: 18:30
- Tokia: Kultur Etxeko hitzaldi-gela
- Prezioa (saio solteena): 4 euro (3 euro, ikasle eta langabetuek).
- Bigarren saioan landuko duten gaia: euskaldunok migrazioarekin, erbestearekin, edo deserriratzearekin izan dugun lotura aztertuko dute. Eta baita Karlistadak ere. “Gaur egunean pil-pilean eta konpondu gabe dagoen errefuxiatuen auziaren gainean berba egiteko aukera emango diguten kantuak ikusiko ditugu. Eta, bestetik, Euskal Herria beti bi bandotan, bi aldetan, bi ideologiatan zergatik banandu den ere aztertuko dugu”, aurreratu dute.