Jose Julian Marquez elgoibartarrak eskuz egiten ditu historiaurreko erremintak. Duela bi urte jarri zituen ikusgai estreinakoz Elgoibarko Kultur Etxean eta iaz ere historiaurreko erremintei buruzko erakusketa didaktikoa jarri zuen leku berean. Oraindik erakutsi gabeko tresna asko dituela-eta, aurten ere prestatu du erakusketa, Historiaurrea: ehiza, artea eta erotismoa izenpean. Urriaren 14tik 28ra bitartean egongo da ikusgai Kultur Etxeko erakusketa gelan. (astelehenetik larunbatera: 18:30etik 20:30era).
Historiaurrean adituak diren hainbat lagun txundituta laga ditu Jose Julian Marquezek erreplikak egiteko duen abileziak, eta zenbait museotatik eta unibertsitatetatik berarekin kontaktuan jarri direla ere azaldu du. Bere lana Internet bidez ezagutu duten makina bat lagunen interesa piztu duela ere gaineratu du. “Horietako askok zoriondu naute lanen kalitateagatik eta nola egin ditudan jakin nahi dute”, esan du. Azalpen horiek Elgoibarko umeek eta erakusketara hurbiltzen diren herritarrek jasoko dituzte.
• Historiaurreko erotismoa
Aurtengo erakusketaren barruan, historiaurreko erotismoari buruzko atal bat izango da berrikuntza nagusietako bat. Bilduma “oparoa eta ikusgarria” osatu duela aurreratu du Marquezek, “bat baino gehiago txunditzeko modukoa”.
• Umeentzako tailerra
Erakusketaz gainera, Jose Julian Marquezek historiaurreko erremintak egiten ikasteko umeentzako tailerra emango du asteburuan, zapatuan eta domekan, 11:30ean Kultur Etxeko sotoan. Doakoa da. Ehizarako eta arrantzarako orratzak nola egin irakatsiko die umeei, eta egindako erremintak probatuko dituzte gero. Historiaurreko kultur litikoko hainbat erreminta nola egiten diren ere ikasiko dute gaztetxoek.
∞Lotura duten albisteak:
- Elgoibarren aurkitutako Brontze Aroko aizkora gipuzkoarren esku laga du Jose Julian Marquezek (2015-11-26)
- Historiaurreko erremintei buruzko erakusketa zabalduko du Jose Julian Marquezek (2015-04-17)
- Historiaurreko tresnen erreplikak jarriko ditu ikusgai Jose Julian Marquezek Kultur Etxean (2014-02-07)