Garbitasun sektorean lan baldintza duinak eskatzeko ekitaldia antolatu du ELA sindikatuak biharko

Barren.eus 2016ko urr. 20a, 13:22

Garbitasun sektorean emakumeek bizi duten prekarietate egoera salatzeko ekitaldia egingo du ELAk Elgoibarren bihar, hilak 21, goizeko 11etan. Udaletxe aurrean bilduko dira, eta marrazki erraldoia egingo dute, langileen testigantzak mural batean jasotzeko.  

“Jakinekoa da prekarietateak emakume aurpegia duela. Nagusiki emakumeek betetzen dituzten lanpostuek dituzte lan merkatuko baldintzarik kaskarrenak. Kontratu partzialak, bizitza laborala eta pertsonala bateratzeko ezinezko lan ordutegiak, soldata kaskarrak... eskubide falta izugarriak azken batean”, adierazi du ELAk. Horren aurrean, prekarietatearekin amaitu eta soldata eta lan baldintza duinak izateko eskubidean aldeko ekitaldia izango da biharkoa.

Ekitaldia koloretsua izango da. Bi mural erraldoi margotuko dituzte plazan bertan. Batean, Frantziako Mariannen margolanik famatuena moldatuko dute. Askatasun eta berdintasunaren ikurraz baliatuz, garbitasunean lan egiten duten emakumeen iraultza irudikatuko dute. Besteak berriz, bakoitzak nahi dituen eskubide eta eskaerak idatziko dituzte emakumeek. Plazatik bertatik pasatzen den edozein elgoibartarrek ere izango du mural horretan idazteko aukera.