Trenbide kalean dauden autoentzako aparkalekuak berritu, eta oro har kale osoa berrurbanizatzeko lanetan dihardu Udalak. Proiektu honetan tren geltoki paretik Trenbide kaleko igogailuraino doan ibilbidea berrituko dute, herritarren irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetu eta bermatzeko. Horretarako, Trenbide kaleak autoentzako bi norabide izango ditu lehen bezala, baina oinezkoentzako espaloi berria eraikiko dute errepidearen erdialdean. Era berean, pasabideak eraikiko dira kalearen bi ertzetan, oinezkoentzako segurtasuna handitzeko.
Kalea berrurbanizatzeaz gain, hobekuntzak egingo dituzte aparkalekuan. Besteak beste, lurra atondu eta aparkalekuaren marrak margotuko dituzte. Gune honek orain arteko izaera bera mantenduko du, hau da, aparkaleku kopuru bera izango da eta TAOrik gabeko gunea izaten jarraituko du.
Murgil Eraikuntzak enpresari esleitu zaizkio lanak eta 165.837,34 eurokoa izan da esleipenaren diru-kopurua. Berrantolaketa lanak urte amaierarako amaitzea aurreikusi du Udalak. Bien bitartean ibilgailuentzako norantza bakarra egongo da.