Jose Gurrutxaga hil da

Barren.eus 2016ko urr. 24a, 07:14

Jose Gurrutxaga Ondarza atleta elgoibartarra hil zen atzo, hilak 23, 95 urte zituela. Martitzenean egingo dute Gurrutxagaren aldeko hileta meza

Atleta eredugarria izan zen Jose Gurrutxaga. Elgoibar Ikastolak ere halaxe zela uste zuen eta hargatik antolatzen dute urtero bere omenez Jose Gurrutxaga krosa (23. edizioa jokatu zuten apirilean). 

Kirolari amorratua izan zen Jose Gurrutxaga. Korrikalari beterano txapelketa askotan hartu zuen parte Euskal Herrian, Espainian eta Europan zehar. Makina bat errekor hautsi eta domina lortu zituen bere korrikalari ibileran. 2007an, esaterako, Espainiako txapelduna izan zen beteranoen kategorian 100 eta 200 metrotan. Urte hartan gainera, Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak antolatzen dituen Kirol Federatuaren Urteko Sarietako bat jaso zuen Gurrutxagak. Horrez gainera, 2007ko San bartolome jaiei hasiera eman zien suziria piztu zuen Gurrutxagak. Bera izan zen ohore hori izan zuen lehen herritarra.

Adinean aurrera egin arren, egunero antxintxika egitera joateko ohiturari eutsi zion Jose Gurrutxagak. Hona hemen orain dela sein urte, Gurrutxagak 88 urte zituenean, Gurrutxagak barren.eus-i eskainitako elkarrizketa, atletismoaz eta bizitzaz.

• Biografia

Elgoibarko Ormetxe etxean jaio zen. Gurasoak elgoibartarrak ziren, eta bi seme-alaba izan zituzten. Eskola publikoetan lau urtez eta beste lau marianistekin ikasi zuen. Eibarko “Irasuegui y Maruri” inprimategian lanean hasi eta berehala gerra etorri zen. Aita “Batallón Prieto”rekin joan zen Lekeitiora, eta Jose berarekin joan zen. Bilbon zeudela, amarekin elkartu eta Frantziara egin zuten ihes biek. Hiru urte etxetik kanpo pasatuta, Frantzian eta Katalunian zehar, A Coruñako Padron hiriko kontzentrazio esparrutik itzuli zen etxera. Eibarko tresneria banaketa-biltegi bateko bulegotik jubilatu zen. Juana San Martin elgoibartar ile-apaintzailearekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituzten. Jose Gurrutxagaren bizitzako hainbat pasarte jasota dituzte ahotsak.eus webgunean.