Iban Murua elgoibartarrak erakustaldia eman du aurtengo Kilometro Bertikalen Kopan. Bost probak osatzen dute Kopa eta hiru irabazi ditu Lizarpe taldeko antxitxikari elgoibartarrak: Zegamakoa, Azpeitikoa eta azkena atzo, Araia-Aratz kilometro bertikala, Arabako Asparrena herrian. Hain zuzen ere, azken sailkapenean hiru emaitzarik onenak hartzen dira kontutan. Muruak honenbestez, lortu daitekeen puntuazio gorena lortu du, 600 puntu -200 puntu garaipen bakoitzeko-. Gauzak horrela, 2015eko Kopako irabazlea izan zen Iñigo Larizi lekukoa hartu dio Muruak, mendiko lasterketen modalitate honetan saltakari elgoibartarren nagusitasunaren erakusgarri, beste behin ere.
Iñigo Larizek bi probatan bakarrik hartu du parte aurtengoan, Zegamako eta Anbotoko kilometro bertikaletan. Bosgarren postua lortu zuen Aizkorriko maldetan eta bigarren egin zuen Anboton gora.
• Pozez gainezka
Pozez gainezka dagoela aitortu du Muruak. Besteak beste aurten horren ongi ibiliko zenik ez zuelako espero. "Lasterketa bertikalen batean podiumera igotzea zen nire asmoa. Espero ez nuena, inondik inora, hiru proba irabaztea zen. Oso pozik nago aurten lortu ditudan emaitzekin. Gainera, azken aurreko proban, Anbotokoan, ez nuen nire mailarik eman eta ez nintzen oso gustura gelditu. Zorionez, baina, Anbotoko probak laga zidan aho zapore txar hori kendu dut Araia-Aratzeko proba irabazita".
• Karakaterako prest
Kopa amaitu bada ere, bada Muruak begiz jota duen azken lasterketa bertikal bat: Karakateko igoera. "Denboraldia luze doa eta berandu xamar datorkit beharbada Karakateko igoera. Hala ere, sekulako gogoa dut parte hartzeko. Ilusio berezia egiten dit beti etxeko proban lehiatzeak. Espeziala baita Karakatekoa. Bertan entrenatzen dudalako, lagunak eta familiakoak hor egoten direlako eta azken metroetan batzen diren ikusleek giro aparta sortzen dutelako. Azken metroetarako indar apurren bat gordetzera behartzen zaitu jendetza horrek!".
• Ia bi minutuko aldea bigarrenari
Araia Aratz Kilometro Bertikalera itzuliz, Iban Muruak 35 minutu eta 40 segundoan osatu zuen igoera, eta ia bi minutuko aldea atera zion Kopako txapeldunorde izan den Mikel Beunza (37:15) mendiko lasterkari ultzamarrari. Julen Martinez de Estibariz arabarra sailkatu zen hirugarren postuan (38:03). Unai Etxeberria elgoibartarrak ere aurreneko postuetan sailkatzea lortu zuen, 10. postuan hain zuzen ere, 41:19ko denborarekin. (ikus sailkapenak)
• Lendinez kopako txapeldunorde
Emakumeei dagokionez, Abadiñoko Oihana Azkorbebeitiak irabazi zuen Araia-Aratz kilometro bertikala eta garaipen honekin Kilometro Bertikalen Kopako lehen postua lortu du azken sailkapenean, azken proba jokatu aurretik lidergoan zegoen Ainhoa Lendinezi aurrea hartuta. Lendinezek ez zuen parte hartu azken proba honetan, baina, hala eta guztiz, Kopako txapeldunorde izatea lortu du. Emaitza bikaina, kontuan hartuz gero iaz hasi zela lasterketa bertikaletan lehiatzen.
Maite Maiorak ere hartu du parte 2016ko Kilometro Bertikalen Kopan, bi probatan, hain justu ere, Zegaman eta Azpeitian. Biak irabazi zituen, 400 puntu pilatuz. Puntu horiei esker, sailkapeneko seigarren postua lortu du.
∞ Lotura duten albisteak:
- Lasterketa Bertikalen Kopako azken probara lidergoan ailegatuko dira Murua eta Lendinez (2016-10-10)
- Maisua ikaslearen aurretik Euskal Herriko Bertikalen Txapelketan (2016-09-19)
- Maite Maiora hirugarren igoera bertikalen Munduko txapeketan (2016-07-23)
- Maite Maiorak irabazi du Kilometro Bertikalen Espainiako txapelketa (2016-06-19)
- Iban Murua eta Maite Maiora nagusi Zuzenien Igoera Bertikalean (2016-05-29)
- Iban Murua eta Maite Maiora gailendu dira Aizkorriko Kilometro Bertikalean (2016-05-20)
- Ainhoa Lendinezek eta Iban Muruak bigarren postuak lortu zituzten Defi De La Rhune kilometro bertikalean (2016-05-10)
- Elgoibartarrak nagusi Buetraitzeko kilometro bertikalean (2016-05-02)
- Kilometro bertikalen Euskadiko Kopa Iñigo Larizentzat, lehenengoak baino puntu gutxiago eskuratu arren (2015-10-26)
- Euskal Herriko lasterketa bertikalen txapelketa irabazi du Iñigo Larizek (2015-03-02)