Bi udal langileri eraso egin zien Elgoibarko bizilagun batek astelehenean, udaletxean lanean ari zirela. Eraso hori gaitzesteko kontzentrazioa egin dute gaur eguerdian udaletxe aurrean, Elgoibarko udal langileen batzarrak deituta. “Elgoibarko Udala eraso guztien aurka” idatzita zuen pankarta baten atzean egon dira hainbat udal langile eta udal ordezkari, eta baita zenbait herritar. Ordu laurdenez isilean egon ostean, txaloka amaitu dute erasoa jasan duten langileei babesa adierazteko antolatutako ekintza.
Plazan bildutakoek joan den astelehenean gertatu zen erasoa gaitzetsi nahi izan dute. Egun horretan, 44 urteko bizilagun batek bi udal langileri eraso egin zien udaletxe barruan. Tramite batzuk egitera joana zen gizonezkoari ez zitzaion udal langile batek emandako erantzuna gustatu eta langilea jo zuen. Iskanbilagatik ikaratuta, ondoko bulego batean lanean ari zen beste udal langile bat gertatzen ari zena ikustera gerturatu zenean, hari ere eraso egin zion gizonezkoak. Erasotzailearengandik askatzeko beste udal langile batzuen laguntza behar izan zuen. Mendaroko Ospitalera eraman behar izan zuten langile hori, shock egoeran. Berehala bueltatu zen etxera eta gaur ez da lanera joan. Erasotutako bigarren langilea lanean izan da gaur, normaltasun osoz. Erasotutako bi langileek hartu dute parte gaur eguerdiko elkarretaratzean.
Erasotzailea Elgoibako udaltzainek eta ertzainek geldiarazi zuten, eta identifikatu ostean aske laga zuten. Erasotutako langileek, baina, salaketa jarri dute eta epaitegietan argitu beharko da gertatutakoa.