2017rako zerga eta tasa gehienak izoztea erabaki zuen Elgoibarko Udalbatzarrak atzo egin zuten osoko bilkuran, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduko zinegotzien abstentzioarekin.
• Egoera ekonomiko-finantziario osasuntsua
KPIa hartu dute oinarri eta EAEn abuztuan -0,1a izan da eta irailean -0,3a, beraz, erabaki dute, "azken lau urteetan bezala", oraingoan ere ordenantza fiskalak izoztea. “Nahiz eta balore positiboak izan, ikusita oso baxuak direla” ordenantza fiskalak orokorrean izoztea izan da Gobernu taldearen proposamena. "Elgoibarko Udalak zergadunen poltsikoak gehiago ez estutzea erabaki zuen aurrekoetan, eta baita orain ere", esan du Ogasun saileko arduradun Bittori Zabalak. "Elgoibarko Udalaren egoera ekonomiko-finantzarioa osasuntsua da oso. Horrek ahalbidetu du zergadunek igoera nabarmenik pairatu ez izana azkeneko urteetan", arrazoitu du Zabalak.
Hala ere bi salbuespen izan dira: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) eta Zaborraren tasa.
- Elgoibarko Udalbatzarrak joan den ekaineko Osoko Bilkuran erabaki zuen OHZren tarifa orokorra %4,56 jaistea; eta tarifa industriala aldiz, %7,7 igotzea. Ondorioz, tarifa orokorra 0,224 izango da eta industriala 0,42.
- Zaborren tasari dagokionez, 2016rako tasak onartu zirenean, orain urtebete, Debabarreneko Mankomunitateak bere kudeaketa propioaren gastuen aurreikuspena bakarrik aurreratu ziola Elgoibarko Udalari azaldu du Udal Gobernu Taldeak, eta azaldu dute 2016ko tasen inguruko informazio hartan oinarrituta onartu zutela. “Handik gutxira informazio berri bat jaso genuen, GHKri dagokion kuotaren berri, alegia. Gainkostea 140.000 euro ingurukoa izango zen Elgoibarko Udalarentzat, %12,79ko hazkundea suposatuz. Hazkunde hori zaborren tasan integratua izan behar zela pentsatu zen, baina kolpera egin beharrean, bi zatitan egitea erabaki zen. Hori dela eta, apirilaren 28ko osoko bilkuran 2016ko bigarren seihilabetetik aurrera zaborren tasa %8 igotzea erabaki zen, eta gainontzeko %4a 2017rako uztea. Beraz, orain Udalak proposatzen ari den 2017rako zaborraren tasaren hazkundeak (%10,2) bi zati ditu. Batetik, %4 GHKren gainkosteari dagokion bigarren zatia; eta, bestetik, %6,2 Debabarreneko Mankomunitateak 2017rako aurreikuspenetan jasotako hazkundea.
• Oposizioaren proposamenak onartu dituzte
Gobernu taldeak, iaz moduan, oposizioaren zenbait proposamen onartu ditu 2017ko ordenantza fiskaletan. Hala, EH Bilduk eginiko proposamenetariko batzuk onartu eta txertatu ditu datorren urteko ordenantza fiskaletan. Hona hemen onartutako proposamenak:
- Ibilgailuen gaineko zergan familia ugarientzako hobaria txertatuko da. Eskumen hau berria da udalentzat, foru arauak 2016tik aurrera ahalbideratu baitu hobari hau. Kontuan izanda OHZn ere familia ugarientzako hobaria badagoela, eta hobari hori errenta mailarekin uztartzen dela, “koherentzia mantentze aldera”, ibilgailuen zergan ere hobariak eskema bera izango du: seme-alaben kopuruaren eta errenta maila uztartuz hobari portzentajeak diferenteak izango dira. Eta muga bat: familia ugari bakoitzeko ibilgailu batek bakarrik izango du hobaria erabiltzeko eskubidea. (ikus taulak bukaeran)
- Ibilgailuen gaineko zergan beste bi hobari erantsi dituzte. Lehen ibilgailu elektrikoentzako hobaria bakarrik zegoen. Bi hobari berriek zerikusia dute, gutxi kutsatzen duten ibilgailuak saritzea dute helburu: ibilgailu hibridoentzat %75 eta karbono dioxido (CO2) 110 gramo baino gutxiago isurtzen dutenentzat %25.
- Eraikuntzaren gaineko zergan tarifa erdira murriztuko da negozio eskualdaketen ondorioz lokala eraberritzeko egingo diren obretan.
- Hobari eta pizgarrien informazioa dibulgatu. Ordenantza fiskalak bere osotasunean eskuragarriak dira, bai Udalaren web orrialdean, bai Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean edo baita ere Udalaren zerbitzu desberdinetan. Hala ere, komenigarria da hobari eta pizgarrien laburpen taula bat argitaratzea 2014ko abenduko Udal Aldizkarian egin zen moduan. Beraz, aldizkarian ez ezik, Udalaren webgunean modu egonkorrean argitaratuko da hobarien taula.
• Presio fiskal baxua
Elgoibarko Udal Gobernuak nabarmendu duenez, beste udalerrietan baino presio fiskal baxuagoa du Elgoibarko Udalak. “Gipuzkoako Foru Ogasunaren webgunean, Gipuzkoako udalen adierazle ekonomiko-finantzarioen zerrenda luze bat kontsultatu daiteke. Sarrerekin lotuta dauden adierazleen kasuan, Elgoibarko Udala posizio on baten kokatzen da beste udal batzuekin konparatuta. Presio fiskalari dagokionez adibidez, (sarrerak biztanleko), Elgoibarren 606 euro biltzen dira biztanleko eta antzeko udalen batez bestekoa 628 eurokoa da. Elgoibarko Udalaren kasuan beraz, 22 euro merkeago biztanleko”.
Familia Ugarien hobariak:
a) Ondasun Higiezinen Zerga (OHZ):
- Zabor tasa %8 igoko du Elgoibarko Udalak bigarren seihilekoan (2016-05-02)
- Hondakinen bilketa sistema hobetzeko pausoak ematea eskatu dio EH Bilduk Debabarrenako Mankomunitateari (2016-04-28)
- Bost edukiontzien sistema aprobetxatuz gehiago birziklatzeko pausoak eskatu ditu EH Bilduk (2016-02-16)
- Zabor bilketaren tasa %10 eta %15 artean igoko dela jakinarazi du Debabarrenako Mankomunitateak (2016-02-12)
- 2016an Udalaren tasa eta zerga gehienak izoztea erabaki du Udalbatzarrak aho batez (2015-10-30)
- EHBilduk proposamenak aurkeztu ditu etxebizitzen alokairua eta hondakinen gaikako bilketa sustatzeko (2015-10-28)
- Zerga eta tasa gehienak izoztuta mantenduko dituzte, bigarren urtez jarraian (2014-11-03)
- Zerga eta tasa gehienak izoztuta mantenduko dituzte 2014an (2013-11-01)
- Tasak %3,4 igotzea onartu ostean, alkateak bertan behera laga du udalbatzarra Twitter erabiltzeagatik (2012-10-24)
- Udal zergak %2,1 igoko dituzte 2011n (2010-11-05)
- Zerga gehienak izoztuko ditu Udalak (2009-10-30)
- Datorren urterako zergak %5,5 igotzea onartu du osoko bilkurak (2008-10-31)
- Udal zergak eta tasak ordaintzeko bi modu berri Internet bidez (2008-07-02)