Aitor Osorok mundu mailako enduro proba entzutetsuena amaitzea lortu du

Barren.eus 2016ko urr. 29a, 13:00

Elgoibarko Urnobitza Kirol Klubeko hiru pilotuk, tartean Aitor osoro elgoibartarrak, hartu dute parte International Six Days of Enduro proban, Los Arcos herrian, Nafarroan. 33 herrialdetako 600 pilotutik gora batu zituen mundu mailako enduro proba garrantzitsuenak, Enduro Olinpiadak.

Enduroko Sei Egunak edo International Six Days of Enduro (ISDE) proba urriaren 11tik 16ra bitartean jokatu zuten Los Arcos herriko Nafarroako Zirkuituan. Nazioarteko Motoziklismo Federazioak antolatzen duen Enduro proba zaharrena izateaz gainera -1913tik jokatzen da- gogorrena eta entzutetsuena ere bada, eta Munduko herrialde desberdinetan jokatzen da urtero. Aurten Nafarroan egokitu denez, etxetik gertu, Elgoibarko Urnobitza Kirol Klubeko hiru kidek parte hartzea erabaki zuten. Aitor Osoro "Poto" elgoibartarrak eta Ivan eta Denis Elorza azpeitiarrek Kalani-Elgoibar Motor taldea osatu zuten eta taldekako txapelketan hartu zuten parte, beste 128 talderekin lehian. Proba amaitzea eta enduroaz gozatzea zen Elgoibarko taldearen helburua eta lortu zuten. Aitor Osorok eskuratu zuen hiruretan posturik onena, lehen 300 pilotuen artean sailkatu baitzen.

Estatubatuarrak eta australiarrak azkarrenak

Pilotuek guztira 1.000 km-ko ibilbidea egin behar izan zuten, sei egunetan. Estatu Batuetako selekzioa izan zen Enduroko Sei Egunen txapelduna. Taylor Robertek irabazi zuen lasterketa, eta taldeka Estatu Batuak izan ziren onenak. Emakumezkoetan australiarrak gailendu ziren, Espainiako selekzioaren aurretik.

• Zazpi ordu motor gainean, egunero

Enduroa eta motokrosa uztarzten ditu Enduroko Sei Egunak, Enduroa lehen bost egunetan eta zirkuitu itxi batean jokatzen den motokros proba bat azken egunean. Lehen bost egunetan batez beste zazpi orduan ibili behar izan ziren moto gainean, atseden hartzeko aukerarik gabe eta inongo laguntzarik gabe. Izan ere, pilotuak berak egin behar ditu mekaniko lanak, eta gainera denbora mugatua dute lan horietarako: 10 minutu eguerdian eta beste 15 minutu egunaren amaieran. Horregatik ezagutzen da proba hau motor gaineko maratoia legez, gidari zein motorrarentzak gogortasun handiko proba delako. Bat zein bestea muturreraino eramaten ditu. Hala eta guztiz, ISDEa bizitzan behin egin beharreko gauza da Enduroa maite dutenentzat. Urnobitzako hiru kideek egi bihurtu dute euren ametsa.

 aitor osoro elgoibar v1

 aitor osoro elgoibar motoak ilaran