Arkeolan Fundazioko kide Pia Alkain arkeologoak egingo ditu gidari lanak. Elgoibarren iragana ezagutaraztea helburu duen ekimen honen sustatzaileek jakinarazi dutenez, Elgoibarri buruzko xehetasun eta bitxikeria ugari ezagutzeko aukera izango da: sorrera, urbanismoa, hiribilduko harresia, lubanarroa... eta baita gure arbasoen bizimodua nolakoa zen ere.
Ibilbide gidatua udaletxe aurretik hasiko da 12:00etan, eta ordu eta erdiko iraupena izango du.
Doakoa izango den arren, plazak mugatuak izango dira, beraz, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea. Interesatuek Arkeolan Fundazioan eman behar dute izena: 943 63 82 18 telefonora deituta edota arkeolan@arkeolan.com posta elektronikora mezu bat idatzita.
• Arkeologia-aztarnategia Elgoibarren 2001an
Arkeolaneko adituek Erdi Aroko arkeologia-aztarnategi "baliotsua" aurkitu zuten San Bartolome kaleko 8. zenbakian, 2001ean. Eraikuntza berri bat egiteko etxea bota zutenean gelditu zen orubean, hain justu ere. Hiribilduak Erdi Aroan izan zuen harresian kokatuta zegoen orubea eta sasoi hartan harresiaren ondoko zuloa edo lubanarroa izan zen lekutik lokatz artean kontserbatuta zeuden "milaka" pieza berreskuratu zituzten.
Arkeolaneko arkeologoek gainera, kontserbazio egoera "oso onean" zeuden hainbat pieza atera zituzten.
Izan ere, behinola Elgoibarko hiribildua defendatzeko balio zuen harresiaren gainean etxeak eraiki zituztenez, eta horren ondorioz zuloan oxigenorik sartu ez zenez, desegin gabe kontserbatu ziren aztarnak, tartean materia organikozkoak. Zuloa zakarrak botatzeko erabiltzen zen. Beraz, era askotako hondakinak zeuden: hezurrak, txanponak, oinetakoak, egurrezko orraziak, latoi zein brontzezko botoiak, zeramikaz eginiko plater, kaiku eta lapikoak, umeentzako larruzko jantziak (jipoiak), gerrikoak, e.a.