Ongarri Argazki Taldeko arduradunek jakinarazi dutenez, bikote ezkondu artistikoak ez dira asko izan argazkigintzaren historia laburrean. Hala ere, inoiz, bikotekideetako batek besteari erantsi izan dio irudi fotografikoak sortzeko beharra. “Hauxe da bi artista hauen kasua, Juana Arlegui eta Susi Jorge, Carlos Canovas eta Gorka Salmeron argazkilarien bikotekideak hurrenez hurren”.
Ongarrik azaldu duenez, bikotekideekin egindako bidaia “etenik gabeko ikastaldia” izan dela Juana zein Susirentzat, iritzi eta balorazio trukeari edo erakusketen muntaietan elkarlanean aritzeari esker, beste argazkilariek eginiko lana gertutik ezagutu baitute.
Dos izeneko argazki erakusketarako aukeratu dituzten argazkietan eguneroko bizitzaren soiltasuna irudikatu dutela diote, “emozio eta bapatekotasunetik irudikatua”.
- Juana Arlegui (Iruñea, 1955) Filosofian lizentziatu zen, eta bere bizitza profesionala argazkilaritzari lotua egon da, laborategiko lanetan. Irudiarekin harremana duen guztiarekin interes berezia erakutsi du betidanik, eta urteak dira argazkiak ateratzeari intentsitatez heldu zionetik. Argazki horietan, paisaiak eta eguneroko uneak jasotzen ditu, norbere sentimendu eta emozioen espresio izan nahi luketenak. Bulkada afektibo batetik datorren argazkigintza da. Formatu murritzagoen erabilerak argazkigintzaren kontzepzio intimista azpimarratzen du, irudiak, ikuslearekin zubigintza lana baino ez duelarik bete nahi, bere inpresio pertsonalen partaide egiteko ahaleginean.
- Susi Jorge Romaratezabala Zumarragan jaio zen baina Legazpin bizi da bi urte zituenetik. Irudi eta Soinua ikasi zuen Andoaingo Zine eta Bideo eskolan, bideo lan komertzialak egin zituelarik -ezkontzak zein industria erreportaiak- 90. hamarkadan. Argazkilaritza gehiago interesatu izan zaio bideoa baino, irudiak sentipenetik onduz, baldintza eta aurreiritzirik gabe. Gertuko argazkiak dira, etxeko eszenak, lagunak, ibilaldiak, gertutasun eta naturaltasunean datza hain zuzen bere interesa.
♦ Dos argazki erakusketa
- Lekua: Elgoibarko Kultur Etxea
- Noiz: 2016ko Azaroaren 4tik 19ra
- Ordutegia: 18:30etik 20:30era, astelehenetik zapatura. Domeketan itxita.
- Antolatzailea:: Ongarri A.T eta Elgoibarko Udaleko Kultura Saila.
- Inaugurazioa: Azaroak 4, 20:00etan.