Atabal elkarteak Mugertza kalean duen egoitza batu ziren atzo, azken hamaika urteetan Trinitate festetako nagusien danborrada antolatu duten zuzendaritza taldeko kideak, eta horiei erreleboa hartzeko prest agertu diren lagunak. Sei lagunek osatuko dute, momentuz, Atabal elkarteko zuzendaritza berria. Encarni Migalesek hartu du presidente kargua, Juan Karlos Arrietari erreleboa hartuz. Maialen Lizarazu izango da idazkaria eta Ainhoa Zapata diruzaina. Modesto Cid, Santiago Arriola eta Jose Ignacio Ibarluzeak osatuko dute zuzendaritza berria.
•Ilusioz gainezka eta lanerako gogoarekin
Encarni Migalesek orain arte eginiko lana eskertu die aurreko zuzendaritza taldeko kideei, urteotan eginiko lanagatik -Atabal elkartea 2006an hasi zen nagusien danborrada antolatzen- eta erreleboa gauzatzeko eskaini dieten laguntzagatik. Migalesek, era berean, aurrekoek eginiko lanari segida emateko asmoa dutela adierazi du. “Ilusioz gainezka eta lanerako gogoarekin hartu dugu lekukoa”, esan du. Danborradan parte hartzen duten lagunen eta herritarren iradokizunak jaso edo izan ditzaketen zalantzak argitzeko e-posta helbide bat ere badutela jakinarazi dute, elgoibardanborrada@gmail.com, hain zuzen ere.
• Gabonetako loteria salgai
Egin asmo dituzten ekintzen berri danborrada egiteko eguna gerturatu ahala emango dituztela zehaztu duten arren, dagoeneko lanean hasita daudela nabarmendu du Atabaleko presidente berriak. “Eta, hasteko, zer hoberik ilusioa banatuz hastea baino? Gabonetako loteria ekarri dugu Sort (Lleida) herriko “Bruixa dÓr” loteria denda ezagunetik”, azaldu du. 51.376 zenbakia jarri dute salgai herriko hainbat taberna eta dendetan: Lanbroa, Maala, Txarriduna, Malape, Viento Sur, Kaia, King-Kong, Doña Mercedes, Eizaguirre, Urkiola, Gabi, Tantaka, Mahats, Ituri, Jai-Alai, Asador, Ametsa, Otzak, Kiroldegia, Sigma, Usatorre, Aterpe, Salento, Fotero eta Iriondo. Aurrekoez gain, Atabal elkarteko kideak eta ingurukoak ere ibiliko dira loteria saltzen. Bost euroan salduko dituzte eta txartel bakoitzeko euro bat izango da Atabalekoentzat.