Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 31.276 lagun daude izena emanda domekan jokatuko den Behobia Donostia lasterketan parte hartzeko. Horrenbestez, 2002an hasitako joera eten da eta lehen aldiz jaitsi egin da izen-emate kopurua. Fortuna Kirol Elkarteak emandako datuen arabera, 79 elgoibartarrek eta 20 mendaroarrek eman dute izena Behobia-Donostiarako (iaz, Elgoibarko 84 lagun eta 24 mendaroar zeuden izena emanda, gero denek parte hartu edo amaitu ez zuten arren).
Dirudienez antxitxikariek ez dute iazko bero sargoririk izango lasterketa ehunean. Domekarako 10-14 gradu, euria eta ipar-mendebaldeko haizea daude iragarrita.
• Maite Maiorari omenaldia
Maite Maiora saltakari mendaroarrak ez du parte hartuko aurtengo Behobian, lesio batetik osatzen ari delako, besteak beste, baina bere babesleetako bat den La Sportiva marka italiarraren omenaldia jasoko du Behobia Donostia lasterketari dagokion Korrikalariaren Azokan. Maiorak aurten mendi maratoiko munduko txapeldun izatea lortu duela ospatuko dute. Anoetako Belodromoan egingo dute Korrikalariaren Azoka, azaroaren 11n eta 12an, eta bertan egongo da La Sportivaren standa. Maite Maiorak, gainera, sinadurak banatuko ditu zapatuan (azaroak 12), 12:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 18:30era bitartean. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, ia 30.000 lagun pasako direla Korrikalarien Azokatik barixakuan eta zapatuan.
•Elgoibartarren eta mendaroarren partaidetza urtez-urte:
- 2015: 70 elgoibartar eta 21 mendaroar
- 2014: 84 elgoibartar eta 23 mendaroar
- 2013: 73 elgoibartar eta 24 mendaroar
- 2012: 79 elgoibartar eta 21 mendaroar
- 2011: 84 elgoibartar eta 21 mendaroar
- 2010: 74 elgoibartar eta 13 mendaroar
- 2009: 95 elgoibartar eta 7 mendaroar
- 2008: 100 elgoibartar eta 11 mendaroar
- 2007: 101 elgoibartar eta 8 mendaroar
- 2006: 101 elgoibartar eta 7 mendaroar