Mendaroko Ameikutz musika eskolako gitarra irakaslea ere baden Keu Agirretxea musikari ondarrutarrak joan den otsailean aurkeztu zuen bere azken diskoa: Nomadak eta kofrea (Mauka). Agirretxea gustura gelditu zen eginiko lanarekin eta kalitate oneko lana atera zitzaiola nabarmendu zuen. Grabaketan ondokoek parte hartu zuten: David Bao baterian (O Funkillo, Raimundo Amador), Javi Calambres baxuan (Bebe, Josele Santiago) eta Carlos Noain Maura (Naica) programazioan eta sintetizagailuetan. Puntako kolaborazioak ere izan zituen: Jairo Zabala (Depedro), Pablo Novoa gitarran (Golpes bajos, Julieta Venegas, Los Ronaldos), Mikel Erentxun, Xabi Solano edota Izaro Andres abeslaria.
• Improphonoak
Mendaron eskainiko duen saioan, baina, bakarrik arituko da Agirretxea, gitarra lagun duela. Bere azken diskoko lanak eta aurrekoetakoak eskaintzeaz gainera, Improphono-ak ere eskainiko ditu. Bere etxeko egongelan bideoan grabatzen dituen gitarra saioei deitzen die Improphono, eta bakarkako emanaldietan zuzenean jotzen ditu.
Gaur gauean Mendaroko Gaztetxean eskainiko duen kontzertua 22:30ean hasiko da eta sarrera dohainik izango da.