Soinu mapa bat da toki bateko soinuak jaso eta mapa baten gainean erregistratzen eta erakusten duen egitasmoa. Mundu mailan milaka egitasmo izan dira, agian ezagunena eta anbiziotsuena Zeelanda Berriko Annea Lockwood artistak hainbat urtez Danubio ibaian eginiko grabazioak, eta ondoren eginiko soinu-mapa da. Oraingoan, esperientzia horretatik abiatuta, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak eta Cristina Enea Fundazioak, AudioLab kolektiboaren laguntzarekin, Ibar Oihar izeneko egitasmoa jarri dute abian, helburua izanik Gipuzkoako ibai eta ibarren eta beren inguruko soinu, hots eta zaratak erregistratzea.
• Deba ibaia lehenengoa
Hainbat hilabeteren lanaren ondoren, eta ehunka grabazioren ostean, argia ikusi dute Ibar Oihar egitasmoaren webguneak eta erakusketak. Gipuzkoako ibaien soinuen erregistroa eta soinu-mapa mendebalderen dagoen ibaitik abiatu da, Deba ibaitik alegia. Leintz-Gatzagan sortu eta Deban itsasoratu arteko bidean, makina bat grabazio egin dira, ibaiaren izaera eta bere ingurunearen ezaugarriak soinu bidez erregistratzeko. Horiek denak http://gipuzkoakour.eus/IbarOihar/ webgunean daude entzungai, soinu ezberdinak atalka sailkatuak (natura, mekanikoa, urbanoa, gizartea, elkarrizketak, bioakustika…).
• QR kodeak ibaiaren bidean zehar
Era berean, Deba ibaiaren ibilbidean zehar, eta ibaitik gertu, hainbat QR kode jarri dira, edonork bere gailu mugikorrez eskaneatu, eta toki horretan grabaturiko soinuak entzun eta azalpen txiki gehigarriak irakur ditzan.
• Erakusketa ibiltaria Elgoibarren eta Mendaron
Ibaia soinu bidez erregistratzearen ondorioz sortutako material eta hausnarketa guztiak ikusgai daude Ibar Oihar erakusketa ibiltarian. Bertan, Deba ibaiaren soinu-mapa kontsultatu eta bertako soinuak entzuteko aukeraz gain, bisitariak Deba ibaiari lotutako informazioa eskura dezake zenbait modulu eta panelen bidez, hala nola Deba ibaiak gatzarekin duen harremana, bere nabigagarritasuna edota ibaiak bailarako industriarekin izandako harreman estua, besteak beste. Elgoibarren gaurtik (azaroak 14) abenduaren 1era bitartean egongo da ikusgai Merkatu plazan, eta, Mendaron, berriz, udaletxeko sarreran jarriko dute erakusketa, abenduaren 1etik 31ra bitartean.