Elgoibarko Makina Erremintaren Institutua (IMH) 2006. urtean hasi zen enpresa eta erakundeentzat baliagarriak izan daitezkeen euskarazko zerbitzu eta esperientziak ezagutarazteko jardunaldiak antolatzen, estreinakoz 30+10 mintegia antolatu zutenean. Hamar urtez antolatu izan du mintegi hori, iaz arte. Euskara eta lan mundua uztartzeko helburuarekin hasi ziren lanean, eta helburu horrekin berarekin antolatu dituzte aurten Hizkelan jardunaldiak, Laneki elkartearekin elkarlanean.
Eragile askok parte hartu zuten Hizkelan jardunaldietan, joan den urriaren 19an, eta askotariko gaiak landu zituzten; besteak beste, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan euskararen erabilera sustatzen diharduten enpresa-sare, elkarte eta ekimenen azken berritasunen berri jaso zuten bertaratutakoek eta bukaeran IMHren bi lantegiak eta museoa bisitatu zituzten IMHren bueltako irudi-paisaia eta lan estrategiak ezagutzeko. Ideia asko nabarmendu zituzten jardunaldietan, eta eragile guztiak bat etorri ziren esatean lan mundua euskalduntzeko behar-beharrezkoa dela eragile guztien parte-hartzea.
- Gaian interesa dutenek edo sakondu nahi dutenek imh.eus webgunean kontsulta ditzakete Hizkelan jardunaldiko eduki eta hitzaldi guztien bideoak.