Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte herriko eragileek

Barren.eus 2016ko aza. 18a, 18:18

Azaroaren 25ean Ingarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da, eta horren harira, Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak elkarrateratzera deitu ditu herritarrak. Azaroaren 25ean izango da kontzentrazioa, 19:30ean, Kalegoen plazan. Horrez gain, beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte herriko eragileek, emakumeenganako tratu txarren kontrako kontzientzian eragiteko (egitaraua dauka). 

• Ikastetxeetan Beldur Barik programa

Ikastetxeetan indarkeria matxistaren prebentziorako tailerrak egingo dituzte, Beldur Barik programaren barruan. 400 bat ikaslek hartuko dute parte guztira. Horrez gain, mutilentzat clown desahalduntzaile saioa egingo dute Mekan, eta 31 mutilek hartuko dute parte. Azaroaren 25ean izango da.

• Gaztelekuan Beldur Barik astea

Gaztelekuan ere Beldur Barik astea antolatu dute azaroaren 18tik 27ra bitartean. Tailerrak, erakusketak, filmak eta hainbat jarduera praktiko landuko dituzte gazteekin (informazio osoagoa hemen).

• Ipuin kontalaria Liburutegian

Gotzon Garate Udal Liburutegian ipuin ez sexistak kontatuko ditu Maider Galarza ipuin kontalariak, azaroaren 24an, 17:00etan eta 17:30ean.

• Hitzaldiak eta tailerrak Kultur Etxean

Elgoibarko Kultur Etxean, eta Haizeak antolatuta, hitzaldia eskainiko du Loredi Salegik, azaroaren 23an, 18:30ean. Loredi Salegi berak gidatuko du Emakumeen jabekuntzan aurrerapausoak emateko tailerra ere. Azaroaren 28an izango da (18:30), Kultur Etxean. 

• Autodefentsa tailerra

Azkenik,14 urtetik gorako emakumeentzako autodefentsa tailerra antolatu dute Olaizaga kirol taldeak eta Kirol Patronatuak azaroaren 26rako. 10:00etatik 12:30era izango da saioa, Elgoibarko Olaizaga kiroldegian. Saioa doan izango da, baina plazak mugatuak dira, beraz, izena ematea eskatu dute. Interesatuek Kiroldegian bertan edo 943 744 415 telefonoan eman behar dute izena. 

 

 ◊ EGITARAU OSOA –PDF-