Hainbat musika ekitaldi antolatu dituzte Santa Zeziliaren omenez Elgoibarren eta Mendaron

Barren.eus 2016ko aza. 21a, 14:03

Azaroaren 22an, martitzena, Santa Zezilia Eguna denez, hainbat musika ekitaldi antolatu dituzte Elgoibarren eta Mendaron aste honetarako. Gaur, azaroak 21, Musikalean jaialdia egingo dute Elgoibarren, Inazio Bereziartua musika eskolak antolatuta. Bihar, berriz, kalejiran irtengo dira Elgoibar Ikastolako ikasleak.

Musikalean jaialdian trikiti, akordeoi eta pandero kalejira egingo dute gaur, 18:30etik aurrera. Segidan, kontzertua eta diploma banaketa egingo dituzte Inazio Bereziartua musika eskolako auditorioan. 

Martitzenean, hau da, Santa Zezilia Egunean bertan, Elgoibar Ikastolako ikasleek girotuko dituzte herriko kaleak. 08:30ean elkartuko dira Kalegoen plazan, eta instrumentuak joz egingo dute Ikastolara arteko bidea, san Bartolome eta San Frantzisko kaleak gurutzatu eta gero. Eguraldi txarra egingo balu, Ikastola barruan egingo dute, arratsaldean.. 

Mendaron, berriz, Musikalean izeneko emanaldia eskainiko dute Ameikutz musika eskolako ikasleek 19:00etatik aurrera Herriko Enparantzan (euria egiten badu, frontoian). Aurretik trikitilariek kalejira egingo dute.

santazezilia elgoibar ikastola 2015

• Bandaren kontzertu berezia

Elgoibarko Udal Musika Bandak domekan (azaroak 27) eskainiko du Santa Zeziliako kontzertu berezia. Goizean 09:45ean kalejira egingo dute eta 12:30ean izango da kontzertu nagusia Elgoibarko Herriko Antzokian. Hona joko dituzten piezak: Girl Crazy (G. Gershwin), Second Suite (G. Holst), Nuovo Cinema Paradiso (E. Moricone), Viva la jota! (P. Marquina) eta Hispania (O. Navarro). Kontzertu horretan, Rikardo Gorriti Azpiazu bandako kidea omenduko dute, bandan hasi zela 50 urte bete direlako. Gorriti perkusio jolea da bandan. 

Zapatuan, hilaren 26an, Udal Musika Bandako hildako kideen aldeko meza ere izango da San Bartolome parrokian, 19:00etan.

Elgoibar Ikastolako ikasleen kalejira, 2015eko Santa Zezilia Egunean: