Ikastolako ikasleek 08:30ean ekin diote instrumentuak jotzeari eta kantatzeari Kalegoen plazan. Gero, handik, ikastolako bidea hartu dute Kalebarren plazan eta Maalako parkean geldialdiak eginez.
Mendaron ere ospatuko dute gaur musikarien zaindariaren eguna. Musikalean izeneko emanaldia eskainiko dute Ameikutz musika eskolako ikasleek 19:00etatik aurrera Herriko Enparantzan (euria egiten badu, frontoian). Aurretik trikitilariek kalejira egingo dute.
•Bandaren kontzertu berezia
Elgoibarko Udal Musika Bandak domekan (azaroak 27) eskainiko du Santa Zeziliako kontzertu berezia. Goizean 09:45ean kalejira egingo dute eta 12:30ean izango da kontzertu nagusia Elgoibarko Herriko Antzokian. Hona joko dituzten piezak: Girl Crazy (G. Gershwin), Second Suite (G. Holst), Nuovo Cinema Paradiso (E. Moricone), Viva la jota! (P. Marquina) eta Hispania (O. Navarro). Kontzertu horretan, Rikardo Gorriti Azpiazu bandako kidea omenduko dute, bandan hasi zela 50 urte bete direlako. Gorriti perkusio jolea da bandan.
Zapatuan, hilaren 26an, Udal Musika Bandako hildako kideen aldeko meza ere izango da San Bartolome parrokian, 19:00etan.