Koska taldea 1974. urtean sortu zuten Expresion Sonora taldetik zetozen bi lagunek: Alfonso Guilló (baxua eta kantaria), eta Gabi Agirregomezkorta (lehen gitarra). Hauekin batera, Txerra Gurrutxagak (gitarra eta kantaria), Endika Iriondok (bateria) eta Mitxi Diegok (gitarra akustikoa) osatu zuten Koska.
Expresión Sonorarekin The Beatles, The Animals, The Rolling Stones, The Kinks, eta beste hainbat talderen kantuak jotzen aritu baziren ere, Koska sortzean sormen lanean murgiltzea eta euskaraz abesteko hautua egin zuten. Rock doinuak euskaraz abesten lehenengotarikoak izan ziren.
Koskak 1976an grabatu zuen bere estreinako diskoa, Madrilen, IZ argitaletxe historikoaren babesean. Fernando Unsainek ekoitzi zuen “Koska” izeneko diskoak oihartzun handia izan zuen sasoi hartan lehen pausoak ematen ari zen Euskal Herriko disko merkatuan.
Lehen diskoa kaleratu eta hiru urtera, 1979. urtean, etorri zen Koskak argitaratu zuen bigarren eta azken lana, Bihozkadak izenekoa. Donibane Lohitzunen grabatu zuten Xoxoa diskoetxeak argitaratu zuen lana. Koskaren diskoetan testu konprometituak entzun daitezke, eta lekua dute gure herriaren aldarrikapen sozial, politiko eta kulturalek.
Koskak ez zuen lan gehiago kaleratu. Taldekide batzuek taldea lagatzea erabaki zuten eta taldekide berriak etorri ziren haiek ordezkatzera. Estiloan ere aldaketa ekarri zuten taldekide berriek, eta Koska berbena taldeen munduan murgildu zen.
•Disko batean berrargitaratuta
Denbora pasa ahala 70. hamarkadako euskal rockeko klasiko bilakatu dira Koskak kaleratu zituen bi diskoak, baina biniloan bakarrik zeuden gordeta. Galtzear dauden edo egon daitezkeen grabaketak berreskuratzen dihardu Elkar diskoetxeak, euskal katalogoa osatzen, alegia. Besteak beste, Xoxoa eta IZ disketxeen katalogoak eskuratu ditu, Koskaren lanak argitaratu zituzten diskoetxeenak, hain zuzen ere. Hala, Koskako kideekin harremanean jarri ziren. Zenbait bilera egin ostean, Koskaren diskografia osoa disko batean berrargitaratzea adostu zutela azaldu du Alfonso Guillok. Euskal katalogoa osatzeko Elkarrek izan duen ekimena “txalogarria” dela goraipatu du Guillok. “Egitasmo honekin ez dute irabazirik lortuko, baina, esaterako, euskal rockaren eta gizartearen bilakaeraz kontziente izateko balio dute disko horretan batu dituzten gure abestiek eta sortu genituen letrek”.
- Koska taldeari buruzko informazio osoagoa, eta hainbat abesti entzuteko aukera duzue Alfonso Guilloren blogean: alguillo.blogspot.com
∞Lotura duten albisteak:
- Koska taldearen 'Garraztasuna' abestiaren bertsioa egin du Ruper Ordorikak bere azken lanean (2013-10-04)
- Expresion Sonora eta Haritz elkartuko ditu Miskik Herriko Antzokian (2009-02-27)
- Eibarko Coliseo Antzokian kontzertua eskainiko du Expresion Sonorak (2008-10-24)
- Koska taldearen 'Garraztasuna' abestiaren bertsioa egin du Ruper Ordorikak bere azken lanean (2013-10-04)
- Koska: euskarazko rockaren aitzindariak (2009-12-10)