Jesus Bilbao elgoibartarra izan da Eusko Jaurlaritzaren Korta sarietako bat jaso duena. Bidetik Fundazioak proposatu zuen elgoibartarra, eta bereziki, erreminta makinaren munduan egindako ibilbidea hartu dute kontuan, saria emateko orduan. Ez da hau, baina, sari bat jasotzen duen lehenengo aldia, izan ere, 2012an Debabarreneko Gure Balioak Saria ere berari eman baitzioten.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantxa Tapiak banatu zituen atzo Joxe Mari Korta 2016 sariak Lehendakaritzan. Sailburuak sarituen jardueraren dibertsifikazioa nabarmendu zuen, baita emakumeen izenak egotea ere. “Enpresa-jarduera gizon eta emakumeen arteko bizikidetza-espazio bat da, baina ordezkaritza-eskasia bat dago botere- eta erabaki-organoetan, eta hori gainditu gabeko irakasgai bat da, gogoeta behar duena”, adierazi zuen.
Argazkiak eta bideoak: irekia.euskadi.eus