Jostailu egokia aukeratzeko argibideak emango dituzte jostailuen erakusketan

Barren.eus 2016ko aza. 23a, 14:34

Jostailuen erakusketa antolatu dute Elgoibarko Ludotekak, Gaztelekuak, Atxutxiamaikak eta Gazte Asanbladak, Udalarekin lankidetzan. Azaroaren 24tik 26ra izango da Kultur Etxeko sotoan, eta 60 jostailutik gora ezagutzeko aukera egongo da.

Jostailuen Erakusketak irauten duen bitartean, gainera, jostailuen aukeraketan kontuan hartu beharrekoak azalduko dituzte sustatzaileek, izan ere, jostailuak ondo pasatzeko tresna izanda, komunikaziorako, lotura afektiborako edota balio hezitzaileak lantzeko ere oso egokiak direla nabarmendu dute. Hala eskatzen dutenek azalpen pertsonalizatuak jasoko dituzte eta haurrentzako jolas-txoko dinamizatua ere egongo da. Bereziki bi eta hamazortzi urte bitarteko erabiltzaile eta hauen gurasoei zuzenduta dago erakusketa.
Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan ikusgai egongo da, eguenetik zapatura bitartean. Hona erakusketaren ordutegia:

  • Azaroak 24, eguena. 17:00-19:30
  • Azaroak 25, barixakua. 17:00-19:00
  • Azaroak 26, zapatua. 11:30-13:30

 

• Pintxo-jolas dastaketa
Jostailu erakusketarekin batera, Pintxo-jolas dastaketa ere antolatu dute azaroaren 25erako. Elgoibarko Gaztetxean izango da eta nerabe eta gazte guztientzat, “adinez zein arimaz” zuzenduta dagoela zehaztu dute antolatzaileek. 21:00etatik gauerdira bitartean mahai jolasetan jolasteko aukera izango da, “etxe eta lagun giroan”.

jostailu erakusketa elgoibar