Azken hamarkadako historiaren laburpena egin nahi izan du Noticias de Gipuzkoak egunkarian argitaratu dituzten azalen bidez, hamar urte bete dituztela-eta. Ehun azaletik gora batu dituzte erakusketa batean, eta Elgoibarren azaroaren 24tik 30era bitartean jarriko dituzte ikusgai. Eguen honetan zabalduko dute erakusketa, 18:00etan, Elgoibarko Kultur Etxean. Gainera, solasaldi bat antolatu dute erakusketaren inauguraziorako. Memoria Historikoa berreskuratzearen garrantzia izeneko hitzaldia eskainiko dute lau lagunek: Elgoibarko alkate Ane Beitiak, Aintzane Ezenarrok (Gogora. Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua), Iñaki Odriozola (Elgoibar1936 taldea) eta Iñaki Goigana (Sabino Arana Fundazioa).
Memoria historikoa berreskuratzeko azken urteetan egin duten lanaren errepasoa egingo dute Udaleko eta Elgoibar1936 taldeko ordezkariek. Era berean, 36ko gerran Zirardamendin izandako borrokaldien xehetasunak ezagutzeko aukera ere izango da Iñaki Goigana historialariak emango dituen azalpenei esker. Aintzane Ezenarrok, berriz, Olason egiten diharduten Kolunbarioari buruzko azalpenak emango ditu.
Berbaldia euskaraz zein gazteleraz izango dela aurreratu dute antolatzaileek eta ordubete inguruko iraupena izango duela. Solasaldiaren ostean inauguratuko dute erakusketa, luntx batekin.
Erakusketa 18:30etik 20:30era bitartean bisitatu ahal izango da.