Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak antolatuta, Women in black izeneko performancea egin zuten Mendaroko Herriko Enparantzan barixakuan, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean. Antolatzaileek aurten Espainiar Estatuan bikotekideek hildako emakume bakoitza ordezkatzen zuen orri bana banatu zieten ekimenean parte hartu zuten emakumeei. Hildako emakumearen izena, adina eta bizitokia zeuden jasota orri horretan. Parte hartzaile bakoitzak kandela bat piztu zuen gero eta plaza erdian laga zituzten kandela guztiak, borobil batean. Horren ostean, elkarren ondoan jarri ziren emakumeak, eta korro handi bat osatuz, lur hotzaren gainean etzan ziren, sinbolikoki hil dituzten beste emakume horien lekuan jartzeko. Klarion lodi batekin lurrean etzanda zeuden emakumeen siluetak marraztu zituzten beste zenbait emakumek. Silueta edo itzal horri argia eman zioten gero, emakumeen gorputzak kandelengatik ordezkatuz. Bertso bat abestuz amaitu zuten ekitaldia.
“Plazan sortu zen hunkipen eta indarrarekin, zaila egin zitzaigun bukatutzat ematea, ez genituen berriro ezerezera itzuli nahi, eta herriko plaza inguratzen dituzten zutabeetan itsatsi genituen emakume bakoitza ordezkatzen zituzten paperak”, azaldu dute Tartu Onen Aldeko Taldeko kideek. Ikus ekitaldiaren kronika euren webgunean: mendarokotratuon.blogspot.com.es