Bi atal nagusi izango ditu aurten prestatu duten ekimenak.
- Giza katea: Kalegoen plaza eta Maalako parkea lotuko dituena, 53 elkarte eta 500 herritarren parte-hartzearekin (beherago partaideen zerrenda). Giza katea 19:00etan irtengo da Kalegoen plazatik, baina parte hartu behar dutenek 18:30ean azaldu behar dute plazara.
- Plazera plazara jaialdia: Maalako parkean izango da, 16 elkarteren parte hartzearekin, eta, besteak beste, karaokeak, esketxak, koreografiak, dantzak, poesia eta euskal txirigota ikusi eta entzungo dira. Plazera plazara jaialdia 19:30ean hasiko da, giza katea Maalara iristen denean.
• Bi bideotan jasoko dute dena
Abenduaren 2an Elgoibarren ikusi eta bizi izandakoa gordetzeko, bi bideo sortuko dituzte antolatzaileek. Bideo ofiziala, giza kateko eta Plazera plazara jaialdiko irudiekin osatuko dute, eta 12 minutukoa izango da. Herri-bideo bat ere osatu nahi dute, herritarrek mugikorrarekin grabatutako irudiekin. Herri-bideoasortzeko, elkarte bakoitzeko lagun bat izendatzea proposatu dute. Mugikorrarekin kalera irten eta 10 segundoko bideoak grabatzea, hain zuzen ere. Nahi beste graba daitezkeela jakinarazi dute eta elgoibar365@gmail.com helbidera bidali behar dira. Abenduaren 5erako bidali behar dira bideoak.
• Helburua eta ezaugarriak
Elgoibarko Euskarak 365 Egun Taldea 2013an hasi zen Euskararen Nazioarteko Eguna prestatu eta ospatzen. Helburu nagusia “elgoibartarron euskaltasuna aldarrikatzea” da; gure euskaldun izateko borondatea plazaratzea, eta, batez ere, hiru ezaugarri dituzte antolatzen dituzten ekimenek: Parte-hartzaileak dira: herriko elkarteak eta herritarrak dira protagonistak, herriko kale eta plazetara irteten dira euskaldunak garela eta izan nahi duguna esatera, eta jai-giroan aldarrikatzen dute euskaltasuna.