Angel Bazterretxea abadeari eskerrak emateko ekitaldian parte hartzera deitu du Mendaroko herritar talde batek

Barren.eus 2016ko abe. 1a, 10:03

Angel Bazterretxea abadeari eskerrak emateko ekitaldia antolatu du herritar talde batek domekarako, hilaren 4rako. 12:30erako plazara inguratzeko eskatu dute ekimenaren sustatzaileek.

Joan zen azaroaren 6an hartu zuen erretiroa Bazterretxeak, 54 urtez Mendaroko abade izan ostean, eta urte hauetan guztietan herriaren alde egin duen lana eskertu nahi diote ekimenaren sustatzaileek. 13:00etan argazkia aterako dute Herriko Enparantzan, eta parte hartzera deitu dute. 12:30erako plazara inguratzeko eskatu dute.

1962an iritsi zen Bazterretxea Mendarora. 26 urte eskas zituen, Saturrarango abade-etxea laga eta Garagartzako mojen komentuan kapilau hasi zenean. Elizako ardurez gain, beste ardura asko ere hartu ditu Mendaron Bazterretxeak, baina bereziki herrigintzan egindako lana nabarmendu dute abenduaren 4ko ekimenaren sustatzaileek: herriko gazteekin izan duen hartuemana eta Mendaro ikastolaren sorreran, Guruzpe elkartearen bueltan eta Mendaro herria sortzeko prozesuan egindako lana aipatu dituzte, besteak beste.

anjel bazterretxea mendaro kartela