Tipi Tapa, Korrika! ikuskizunaren bi saio eskainiko dituzte Pirritx, Porrotx eta Marimototsek urtarrilaren 2an Elgoibarren: 16:30ean eta 18:30ean.
Sarrerak salgai jarriko dituzte abenduaren 15ean eta 16an, eguena eta barixakua, 18:30etik 20:30era, Elgoibarko Herriko Antzokian. Bi egun horietan sarrerak egongo direla bermatuko du Elgoibarko Udalak. Elgoibartar bakoitzak gehienez ere lau sarrera erosi ahal izango ditu. Herriko Antzokiko salmenta egin ondoren, gainerako sarrerak Herriko Antzokiko leihatillan jarriko dituzte salgai ikuskizuna eskainiko duten egunean.
Sarreren salneurria 8 eurokoa izango da helduentzat eta 6 eurokoa haurrentzat. Dena den, bai Gazte-Txartela dutenek eta bai Ludotekako bazkideek %20ko beherapena edukiko dute sarreren salneurrian. Edozein zalantza argitzeko edo informazio gehiagorako Udalaren Haur eta Gazteen Sustapeneko Sailera jo behar da.
•Tipi-Tapa, Korrika!, ikuskizun berria
Lehenengo Korrika, Euskararen alde Euskal Herria osoa bisitatzen duen martxa, 1980.urtean ospatu zen eta 2017.urtekoa 20.edizioa izango da. Urteurren hau dela eta, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ikuskizun berri bat prestatu dute non euskera, alaitasuna eta baloreak protagonista nagusi izango diren.
Hala, ikuskizunean ikusiko denari erreparatuz, Korrika herri batera helduko da, bertan amaituko da ibilbidea gainera. Pailazoek publikoa ibilbidearen bukaera ospakizunetan parte hartzera gonbidatuko dute. Kolorez, abenturaz eta sorpresaz betetako jaia izango da. Tipi-tapa, tipi-tapa Korrika!