Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, bi urtetik behin aldatzen dituzte herriko kale eta txokoak apaintzeko jartzen dituzten argien diseinuak, eta hortaz, iazko berdinak jartzea tokatzen da aurten ere. Argiztatutako guneak ere aurreko urteetakoak izango dira: Maala, Santa Ana, anbulatorioa, Udaletxea, eliza, Kultur Etxea, San Lazaro egoitza, azoka plaza, Giza Eskubideen parkea, Santa Klara komentua eta herriko biribilguneak. 17.550 euroko (BEZ kanpo) kostua izango dute argiek.