Lanbide Heziketako EuskoSkills 2016 olinpiadak jokatu zituzten abendu hasieran Euskadiko hainbat ikastetxetan. Elgoibarko Meka eta IMH ikastetxeetan jokatuko ziren proba horietako gehienak, lau proba Mekan eta beste bat IMHn.
Mekako probetan 21 ikasle lehiatu ziren eta bertako ikasleek eskuratu zituzten lehen postuak. Autoko teknologia proban Ander Lecertua izan zen irabazlea, Autoko margotze lanen proban Ion Esnal, Aritz Aldalurrek irabazi zuen soldadurarekin lotutako proba eta kolpe-leungo konpontze lanak egin behar zituzten proban Mekako bi ikaslek lortu zituzten aurreneko bi postuak, Iker Leirok eta Iker Alberdik, hurrenez hurren.
IMHk, berriz, CNC tornu proba antolatu zuen, eta hor ere ikastetxe bertako ikasleak nabarmendu ziren. Eneko Barkinek lortu zuen urrezko domina (beheko argazkian txapelarekin) eta Ion Iriondok zilarrezkoa.
Irabazleek atzo, hilak 12, jaso zituzten garaikurrak Tknika zentroan egin zuten sari banaketa ekitaldian. Ikasleon hurrengo erronka SpainSkills proban parte hartzeko prestatzea izango da. Hurrengo urteko martxoaren 1etik 3ra bitartean jokatuko da SpainSkills Madrilen.
- Jon Lapeira EuroSkills txapelketan
Jon Lapeira Astorkia IMHko ikasle ohiak EuroSkills txapelketan parte hartu zuen joan den abenduaren 1etik 3ra bitartean Goteborg hirian. Azken txanparako sailkatzerik lortu ez zuen arren, Lapeira pozik itzuli da Suediatik eta esperientzia "ezin hobea" izan dela azaldu du.
Hona Mekan eta IMHn jokatu zituzten EuskoSkills probetako irudiekin ikastetxeek osatutako pare bat bideoa.