Angel Bazterretxeak hunkituta jaso du mendaroarren oparia

Barren.eus 2016ko abe. 17a, 19:12

Jendetza handia batu zen abenduaren 4an Mendaron Angel Bazterretxea abadeari egindako esker on ekitaldian. 54 urtean Mendaroren alde egindako lana eskertzeko, familia argazki handi bat atera zuten Herriko Enparantzan, Bazterretxeari oparitzeko. Barixaku honetan jaso du oparia, eta omenduak berak, hunkituta, omenaldian parte hartu zuten lagun guztiak eskertu nahi izan ditu.

Txalaparta soinuekin hasi zen Angel Bazterretxea abadeari eskerrak emateko ekitaldia, eta ondoren, Mikel Laboaren ‘Txoriak txori’ abestia kantatu zuten Herriko Enparantzan bildutakoek, denek elkarrekin. Ekitaldi xumea bezain hunkigarria izan zen (goiko bideoan ikus dezakezue).

Bazterretxeak hunkituta jaso du egin dioten oparia. Berari eskerrak emateko ekimenak horrenbesteko erantzuna izango zuenik ez zuela espero azaldu du, familia argazkia eskuetan duela (bideoaren amaieran). "Ez dakit negar egin, barre egin... baina poztu seguru! Ez dakit zer esan ere. Negarra egiteko gogoa daukat, eta beste gauza asko. Hainbeste jende ikusi hemen (argazkian), danak ezagunak eta hainbeste urtetan bizi izan garenak", azaldu du. Herrikide eta lagunen maitasun adierazpenak bihotza ukitu diola aitortu arren, ez du umorerik galdu, eta seminarioan ez zutela horrelako gauza baterako prestatu bota du. "Ikasgai berri-berria da hau, bizitzaren amaieran erantzun beharrekoa. Baina, beno, kontuak-kontu, emozionatzeko modukoa da".
Parte hartu zuten lagun guztiei eskerrak eman nahi dizkie Bazterretxeak. "Ezin danei banan-banan eskerrak eman, asko daude eta, baina eskerrik asko denoi, eta amaitzera noa sermoia, urtzen ari naiz eta. Bete-bete eginda laga nauzue, bete bete emozioz, eta hori eskertzekoa da".

 angel bazterretxea eskerrak ematea mendaro