Galdeketarako galderak adostuta, sinadurak biltzeari ekin dio Elgoibarko Gure Esku Dagok

Barren.eus 2016ko abe. 19a, 20:46

Elgoibarko Gure Esku Dago batzordeak larunbatean egin zuen jendeaurreko ekitaldian aurkeztu zituen 2017ko udaberrian egin nahi duten herri galdeketarako galderak.

Bi galdera aurkeztu zituzten. "Nahi al duzu gaur egungo estatus politikoa aldatzea?" da lehenengoa, eta honakoa da bigarrengoa: "Nahi al duzu euskal estatu independentea?". 

Adin eta kolore askotako jendeak osatutako 30 bat laguneko taldea ibili da galderak adosten.

• Sinadura bilketa abian

Lehenengo erronka gaindituta, bigarrenari heldu diote: otsailera bitartean, ahalik eta sinadura gehien batzea. Elgoibarren erroldatutako 16 urtez gorako 1.500 herritarren sinadurak bildu behar dituzte, gutxienez. Joan den zapatuko ekitaldian 250 bat sinadura bildu zituzten eta datozen egunotan kalera irtengo dira, gehiagoren bila. Abenduaren 24an, esate baterako, Kalegoen plazan egongo dira 12:30etik aurrera, eta abenduaren 31n, Salento ondoan jarriko duten talo postuan ere ipiniko dute mahaia, sinadurak batzeko (10:30etik aurrera).

gure eskuDago elgoibar kalebarren v1