C.D. Elgoibarrek kargutik kendu du Haundiko entrenatzaile Iker Dorronsoro

Barren.eus 2016ko abe. 28a, 18:01

C.D. Elgoibarrek jakinarazi duenez, Haundiko entrenatzailearen eta zuzendaritzaren artean dauden "desadostasunen" ondorioz hartu dute Iker Dorronsoro kargutik kentzeko erabakia.

C.D. Elgoibarko zuzendaritzak komunikatu ofizial baten bidez jakinarazi du Haundiko entrenatzailea kargutik kendu dutela. "C.D. Elgoibarko zuzendaritzak orain arte egindako lana eskertu nahi dio lkerri, eta zorterik onena opa dio etorkizunerako", dio idatziak.
Iker Dorronsoro igeldoarrak Egoitz Mendizabal ordezkatu zuen, joan den urtarrilean, Mendizabalek dimisioa eman eta gero. Honenbestez, ia urtebete egin du Haundiko entrenatzaile karguan, bi denboralditan.
Denboraldi hasieran C.D. Elgoibarrek Iker Dorronsorori eginiko elkarrizketa irakur dezakezue hemen.

Hamabost jardunaldi jokatu ostean, Haundi sailkapeneko 12. postuan dago, 19 punturekin. Bost partida irabazi, lau berdindu eta sei galdu dituzte orain arte. Hurrengo jardunaldian, urtarrilaren 7an eta 8an, Irungo Real Union taldearen aurka jokatuko dute elgoibartarrek Mintxetan.