C.D. Elgoibarrek 100 urte bete ditu aurten, 1917ko martxoaren 10ean sortu baitzuten Elgoibar Football Club taldea Demetrio Vallejo, Rufino Unzueta, Jose Beloqui eta Ricardo Astigarragak. Urte osoan ospatuko dute mendeurrena eta urtarrilaren 10ean Elgoibarko Herriko Antzokian egingo duten ekitaldian aurkeztuko dituzte prestatu dituzten ekintza nabarmenenak.
Ekitaldia janzteko, Zuhaitz Gurrutxagak gidatuko duen mahai ingurua antolatu dute. C.D. Elgoibarko jokalari zein entrenatzaile izan diren bost lagunek eta Espainiako selekzioko hautatzaile Julen Lopetegik (Asteasu, 1966) hartuko dute parte berbaldian.
- Josetxo Arakistain, futbolari ohia.
- Jose Mari Arakistain, futbolari eta entrenatzaile ohia.
- Jagoba Arrasate, C.D. Numancia taldeko entrenatzailea.
- Itziar Gurrutxaga, futbolari ohia.
- Markel Bergara, Realeko futbolaria.
•Agintariak
Iñaki Kondek, Mendeurrenaren Batzordeko kideak, emango dio hasiera ekitaldiari (19:30ean hasiko da), eta hainbat agintarik parte hartuko dutela jakinarazi du C.D. Elgoibarrek. Besteak beste, Antton Iranzo, Club Deportivo Elgoibarko presidenteak, Jokin Aperribay Realeko presidenteak, Juan Luis Larrea, Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteak, Denis Itxaso, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirola saileko Foru-diputatuak eta Elgoibarko alkate Ane Beitiak.