Mendaroko Udalak jakinarazi duenez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoentzako mailan ez du inork lanik aurkeztu, eta hori dela-eta, hurrengo edizioetan parte hartzera animatu dituzte. Lehen Hezkuntzako 5. mailakoentzako atalean 61 ipuin aurkeztu ziren eta Maider Gallastegi mendaroarrak jaso zuen lehen saria, Olentzero maitea izeneko ipuinagatik. Aitor Urteaga mendaroarrak lortu zuen bigarren saria, Ipuinen borroka ipuinagatik. Lehen Hezkuntzako 6. mailakoetan 23 lan aurkeztu ziren lehiara, eta epaimahaiak Aintzane Urbieta mendaroarraren Periko ipuinari eman zion lehen saria. Ane Rodriguez elgoibartarrak jaso zuen bigarren saria, Sagu eta saga saguen abenturak ipuinagatik.
Epaimahaikideek jakinarazi dutenez, “nahiko ondo” idatzitako lanak aurkeztu dituzte ikasle gazteek, baina, era berean, “istorio abenturatsuago” gehiago eskertuko lituzketela nabarmendu dute. Hala ere, idazle gazte guztiak zoriondu dituzte egindako lanagatik.
• Postal Lehiaketako irabazleak
Ipuin Lehiaketarekin batera, Postal Lehiaketa ere antolatu zuten eta honako hauek izan dira irabazleak, adinaren arabera:
- Miren Tejada (Haur Hezkuntza)
- Haizea Arambarri (LH 1,2,3)
- Añes Galarraga (LH 4,5,6)