Lagun Taldea txirrindulari taldeak Mintxetako sarreran izango du egoitza berria

Barren.eus 2017ko urt. 10a, 18:17

Mintxeta kirol guneko sarreran 75 metro koadroko lokal berri bat egiten ari da Elgoibarko Udala. Orain arte Aita Agirre eraikinean egoitza izan duen Lagun Taldea txirrindulari Elkartearen lokal berria izango da lanak bukatzen dituztenean.

Aita Agirre eraikina eraberritu nahi duenez, orain arte eraikinean zeuden elkarteak lekuz aldatzen dihardu Elgoibarko Udalak. Aurrez AEK euskaltegiarekin egin zuten moduan egin zuten moduan, Lagun Taldea txirrindulari taldeari ailegatu zaio txanda orain. Udalak jakinarazi duenez, Aita Agirreren funtsetako bat hezkuntzarekin, euskararekin eta kulturarekin erlazionatutako ekipamendu eta zerbitzu desberdinak bildu eta elkartzea izango da, eta horrenbestez, Lagun Taldea kirol taldearentzat ingurune egokiagoa da Mintxetako kirol gunea. Hala, txirrindulari taldearentzako lokal edo egoitza berria egokitzen dihardute Mintxetako sarreran.

• Udaberrirako lanak amaituta
Joan den abenduaren 12an hasi zituzten lanak eta hiru hilabete eta erdiko epean bukatzea aurreikusten dute Udal arduradunek. Lanak bukatutakoan 75 metro koadro baino gehiagoko lokala izango du Lagun Taldeak, sarrera independente batekin, autonomoki funtzionatu ahal izateko. Txirrindularitza elkarteak bizikletak gordetzeko eta konpontzeko tailer moduan erabili ahal izango du espazio hori. Bulego bat, komuna eta garbiketarako gunea ere izango ditu lokal berriak. Elgoibarko Udalak 59.740,53 euro (BEZ-a barne) bideratu ditu lanotarako.
Gune horretan zegoen bizikletentzako aparkalekua beste leku batean jarriko dute.

 elgoibar lagun taldea obrak mintxeta

 lagun taldea elgoibar mintxetan planoa