San Anton jaiak hemen dira

Barren.eus 2017ko urt. 16a, 15:26

San Anton Eguna izango da martitzenean, urtarrilaren 17an, eta horren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte datozen egunetarako Elgoibarren. (egitaraua dauka)

Ohi bezala, Altzolatarren Dorretxea filatelia elkarteak zigilu erakusketa prestatu du San Anton jaietarako. Urtero herriko elkarteren bat izaten da protagonista, eta aurten C.D. Elgoibarren mendeurrena izango da. Klubak 100 urte egingo ditu martxoan, eta zigilu berezia eskainiko diote. Joan den barixakuan inauguratuko zuten erakusketa Kultur Etxeko erakusketa gelan. Aurten 88 bat zigilu bilduma jarri dituzte ikusgai. Bilduma jabeei urtarrilaren 21ean emango dizkiete oroigarriak, 13:00etatik aurrera. Ekitaldi horretan C.D. Elgoibarko arduradunak ere izango dira.

Musikeneko Perkusio Taldearen kontzertua
Martitzenean hainbat ekitaldi izango dira Elgoibarren, San Anton Eguna ospatzeko. 11:00etan meza nagusia egingo da eta parrokiako abesbatzak hartuko du parte. Emudafek antolatuta, bestalde, Musikeneko perkusio taldeak kontzertua eskainiko du 12:30ean Herriko Antzokian. Antolatzaileek esan dutenez, kalitate handiko taldea da hau, eta adin desberdinetako publikoarentzako moduko saioa izango dela aurreratu dute. Musikeneko perkusio taldean Naia Menbrillera elgoibartarrak ere hartzen du parte. Era berean, Kalegoen plazan umeentzako parkea jarriko dute goizez eta arratsaldez (euria egiten badu, Sigman), eta 17:30ean erraldoi eta buruhandien kalejira izango da.
Azkenik, San Anton Eguna izango da Elgojaiotza taldearen jaiotza mekanikoa ikusteko azken eguna. Ordutegia ondorengoa izango da: 17:30etik 20:30era.
• San Anton Pilota Txapelketako finalistak erabakita
Joan den barixakuan jokatu zituzten San Anton Pilota Txapelketako bigarren finalerdiak, eta horrenbestez, honako hauek dira barixakuan, hilaren 20an, jokatuko den finala jokatuko duten zortzi pilotariak. Promesa mailan, Elolak eta Garmendiak osatutako bikoteak Agirreamalloa eta Ibarlozak osatutakoaren aurka jokatuko du. Senior mailako finalean, berriz, Salaberriak eta Arangurenek Espinal eta Ceceaga izango ditute aurkari. 22:00etan hasiko da finala Ikastolako frontoian.

san anton elgoibar egitaraua