Javi Dominguez gustura itzuli da Hong Kongen lortutako emaitzarekin eta bizitako esperientziarekin, ibilbidea bere ezaugarrientzako egokiena ez zela aitortu duen arren. “Asfalto gainean ondo moldatzen diren korrikalari azkarrenentzako aproposa zen ibilbidea. Horrez gainera, lehen 50 kilometroak oso lauak ziren, eta ibilbide guztian igo genuen mendirik garaienak apenas zituen 900 metro. Gogortasun gehiagoko ibilbideetan moldatzen naiz ni hobeto”. Gainera, azken orduan erabaki zuen lasterketa hau egitea eta prestakuntza aldetik ez zen oso “puntuan” joan. Hala eta guztiz ere, sentsazio onekin amaitu zuen proba. 100 kilometroko ibilbidea 11 orduz azpitik bukatu zuen, eta esprinterako indarrik ere izan zuen, Justin Andrews estatubatuarrarekin parez pare gurutzatu baitzuen helmuga marra, 14. postua lortzeko borroka estuan. Estatubatuarrak lortu zuen azkenean 14. postua, 10:54:40ko denborarekin. Gizonezkoetan Yun Yangiao txinarrak irabazi zuen proba eta emakumezkoetan Nuria Picas kataluniarrak (ikus sailkapenak).
• Vibram etxearen lantokira bisita
Txinako Guanghzou hirira bisita bat egiteko astia ere izan zuen Dominguezek, han baitago bere babesleetako bat den Vibram etxe italiarraren lantegietako bat. Oinetakoetako zolak egiten dituzte. Lasterketaz aparte, Hong Kong zein Txinako kultura eta gastronomia ezagutzeko aukera ere izan dute Dominguezek eta bidailagun izan duen Ainhoa Lendinezek. “Egun ederrak izan dira. Txinatar kultura harrigarria da, eraikin izugarriak, teknologia aurreratua, telefono mugikorrak han-hemen, dendak eta kale-merkatuak 24 orduz zabalik, autobusak, taxiak eta jendea nonahi uneoro. Eta aldi berean, pauso batzuk egin eta munduko buda handienaren eskulturaren inguruan izugarrizko lasaitasuna eta isiltasuna. kontraste izugarriak dauzkan herrialdea da. Gastronomia ezberdina bezain ederra eta jende adeitsua”, azaldu du Lendinezek.