Angela Davisen 'Women, Race and Class' liburua euskaratu du Danele Sarriugartek

Barren.eus 2017ko urt. 19a, 18:58


Danele Sarriugarte Mochalesek (Elgoibar, 1989), Angela Davis pentsalari eta aktibistaren Women, Race and Class liburua euskaratu du Emakumeak, arraza eta klasea titulupean.

Angela Davis (Birmingham, Alabama, AEB, 1944) pentsalari eta aktibista ezagunak emakume, beltz eta klase sozial apalekoa izateak dakartzan hiru zapalkuntzak lotu zituen aurreneko aldiz Women, Race and Class liburuan -1981ean argitaratu zuten-. Esklabotza sistema, mugimendu abolizionista eta sufragista, abortua edota etxeko lanak problematizatzen ditu, eta horrekin, ordura arteko feminismoa, hau da, feminismo zuria, arraza eta klase menperakuntzekiko itsu izan zela agerian utzi. Hiru aldiz zapaldua denak hiru aldiz errebelde eta hiru aldiz aliatu izateko aukera eta zoria duela aldarrikatzen du pentsamendu feministaren lan mugarrietako bat den honetan.

Elkar argitaletxeak argitaratu du Danele Sarriugarte elgoibartarrak idatzi duen Emakumeak, arraza eta klasea liburua Eskafranda Feminista bildumaren barruan.
Lorea Agirre (Beasain, 1968) kazetari eta antropologoak Angela Davisi Gernikan eginiko elkarrizketa ikus dezakezue Eskafranda Bilduma Feministakoek sarera igotako honako hiru bideoetan.

• Hitzetik Hortzera saioko gonbidatua

Danele Sarriugarte izan zen 'Hitzetik Hortzera' telebista saioaren azken aurreko saioko gonbidatua, Elgoibarko Eguberriertako bertso saioa eskaini zuten saioan, hain justu ere. Irakurzaletasunaz eta idazle bizitzaz berba egin zuen Sarriugartek eta baita bertsolaritzarekin duen harremanaz eta Elgoibarko herriaz ere.