Elgoibarko Udalak 2016 urte bukaeran egin zuen Herriko Antzokiaren erabilera eta erabiltzaileen iritziak ezagutzeko ikerketa. 15 urtetik gorako 384 elgoibartarrei egin zieten inkesta, telefono bidez, modu aleatorio eta anonimoan. Hogeina galderaz osatutako galdetegiari erantzun zioten horiek. Telefono bidezko inkestez gain, izaera espezifiko eta irekiagoa izan duten bestelako galdera-sortak ere egin dizkiete Elgoibarreko elkarte kulturalei lotutako pertsonei edota arduradunei.
• Programazioak balorazio "oso ona"
Inkestaren bitartez lortutako emaitza nagusien berri eman dute gaur Ane Betiak eta Andrea Arriolak, Elgoibarko alkatea eta Kultura zinegotzia, hurrenez hurren. Jakinarazi dutenez,
programazioak balorazio oso ona jaso du, inkestatuen %54ak programatutakoa eta ikuskizunen maiztasuna gustuko dituztela adierazi baitute. Are gehiago, itaunduen erdiak baino gehiagok, eskaintzen diren pelikulak nahiko berriak edota estreinatu eta gutxira ematen direla uste du.
• Zinema, antzerkia eta musika, jarduera gogokoenak
Herriko Antzokiak adin guztiei zuzendutako ekintza eta jarduera mota ugari eskaintzen ditu, besteak beste: zinema, antzerkia, musika, dantza, umeentzako ikuskizunak, mahai-inguruak, enpresentzako ekintzak… Hala eta guztiz ere eta eskaintza zabala izan arren, hiru dira erabiltzaile elgoibartarrek gehien kontsumitzen dituzten jarduerak. Zinema da jarduerarik gogokoena, jarraian antzerkia eta ondoren, musika. Era berean, inkesta egin zaien %81ak jardueren eskaintza ezagutzea erraza dela adierazi dute, eta gehiengoak, kaleko kartelei esker izaten du jardueren berri.
• Maiztasunak, ordutegiak eta prezioak
Jaso dituzten datuetan oinarrituta instalazioetara bertaratzen diren erabiltzaileak, nahiko fidelak izan ohi direla ondorioztatu dute udal arduradunek, %22ak Herriko Antzokira bosna aldiz behintzat joan direla baieztatu baitute. Kontran, instalazioak ezagutzen ez dituztenen artean denbora falta izaten da arrazoi nagusia. Ordutegiei dagokionez, oro har, %68ak nahiko egokiak edo oso egokiak direla deritzo. Sarreren prezioari dagokionez, egokia dela adierazi du gehiengoak.
• Erabiltzaileen profila
Profilari dagokionez, Herriko Antzokiaren erabiltzaileen %61ak 50 urte baino gehiago dituzte eta normalean norbaitekin joaten dira antzokira (%32a lagunekin, 17%a familiakoekin eta %16a bikotearekin). Elgoibartarren %3a baino ez da bakarrik joaten.
• Programazio egokienak planifikatzeko aukera
Eskuratutako datuekin osatutako diagnostikoak, ekintza eta programazio egokienak planifikatzeko balioko dio Ellgoibarko Udalari. "Herritarrek Herriko Antzokiaren inguruan duten pertzepzioa eta lehentasunak gertutik ezagutu ahal izan ditugu inkesta honi esker, eta horietan oinarritutako hainbat erabaki hartzeko aukera emango dugu", azaldu du Ane Beitiak.
Dagoeneko hartu dituzte erabaki horietako batzuek. Bost neurriren berri eman dute. Batetik, astelehenetako 21:30etako zine emanaldia ikuslearen eguna izango da aurrerantzean, eta lau euroan jarriko dituzte salgai sarrerak. Zinema bonoak eta ikuskizun eszenikoen bonoak sustatu eta bultzatzea izango da beste neurri bat. Aurrez grabatutako ikuskizun eszenikoak (kontzertu, opera, ballet...) programatuko dituzte Herriko Antzokiko pantailan eskaintzeko. Larunbatetan saltzen dituzten sarrerak erosteko ordutegia ere zabaldu egin dute eta 19:15etik 21:45era jarriko dituzte salgai leihatilan. Azkenik, Herriko Antzokiko urte osoko ikuskizun eszeniko eta kontzertuen programazioa biltzen dituen agenda argitaratu dute eta dagoeneko banatu dute.