Bakea eta bizikidetzaren inguruko jardunaldiak izango dira otsailaren 1ean eta 8an

Barren.eus 2017ko urt. 25a, 12:17

Memoria partekatzen izeneko solasaldia eta bizikidetza berriaren erronkak aztertuko dituen mahai-ingurua antolatu dituzte bakea eta bizikidetzaren inguruko jardunaldietan.

Elgoibarko Udalak bakea eta bizikidetzaren aldeko prozesua jarri zuen abian aurreko legealdian, EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren adostasunarekin. Prozesu horren baitan, zenbait ekimen antolatu dituzte, besteak beste, urtero antolatzen duten bakea eta bizikidetzaren inguruko jardunaldiak. Udaleko arduradunek zehaztu dutenez, Udaleko alderdi guztien adostasunarekin eta bizikidetzaren aldeko herritarren taldeko kideen laguntzarekin antolatzen dituzte jardunaldiok.
Aurtengo jardunaldiak Memoria partekatzen, Bizikidetza berria lantzen lelopean antolatu dituzte, eta otsailaren 1ean eta 8an izango dira, 19:00etan, Inazio Bereziartua musika eskolako auditorioan.
Memoria partekatzen solasaldia, otsailaren 1ean
Memoria partekatzen izeneko solasaldia izango da aurrenekoa, otsailaren 1ean, eguaztenean. Berbaldian parte hartuko duten hiru gonbidatuek euren bizipenak eta gogoetak konpartituko dituzte euskal gizartean gertatutakoren inguruan. Gonbidatuak honako hauek izango dira: Jon Sarasua (bertsolaria eta unibertsitateko irakaslea); Mireia Uranga (irakaslea eta bizikidetza hezitzailea) eta Joxe Arregi (Deustuko Iraskaslea eta teología gaietan aditua).
Bizikidetza berriaren erronkak mahai-ingurua, otsailaren 8an
Bizikidetza berriaren erronkak izeneko mahai-inguruan parte hartuko dute hiru kazetarik otsailaren 8an. Gorka Landaburu, Jurdan Arretxe eta Martin Garitano dira mahaiaren bueltan eseriko diren hiru kazetariak.

 bakea bizikidetza jadunaliak antolatzaileak v1